Kategoria galdu du Mondrak, eta Aloñak borrokatu egin behar

Hasier Larrea 2023ko api. 28a, 12:31

Mondrako jokalari bat, Mutrikuko atezainari baloia kendu guran.

Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako liga bukatzeko bost partidu faltan, garesti daude puntuak.

Joan den asteburuan, 29. jardunaldia bukatu berritan, jakin zuen Mondragon CFk maila galdu duela matematikoki, Oiartzunen zelaian 3-3 berdindu ostean. Orain arte 18 puntu batuta, datozen partidu guztiak irabazita ere ez luke salbatzeko aukerarik izango. Horrek esan nahi du datorren urtean Gorengoen Mailan jokatuko duela, eta liga horretan dagoen bigarren taldeak Lehen Erregionalean. Bihar, 16:30ean, jokatuko du lehen taldeak, Baskoniaren aurka, Mojategin.

Aloña Mendi da Mondraren aurrean sailkatuta dagoen hurrengo taldea, azken bigarren postuan. Azken bi sailkatuak jaitsiko dira ziur, baina Hirugarren Mailako Touring eta Lagun Onak talde gipuzkoarrak jaitsiera postuetatik gertu daudenez, oñatiarrei komeni zaie lau talde uztea haien atzetik, zer gerta ere. Egiteko hori zailtzen doa txantxikuarrentzat jardunaldiz jardunaldi. Zapatuan 16:30ean jokatuko dute Deban, Amaikak Baten zelaian, eta garaipena baino ez dute buruan.

UDAk eta Bergarak lasaiago egingo diote aurre denboraldi amaierari, oraindik ehuneko ehunean salbu ez egon arren. Aretxabaletarrek domekan 16:30ean jokatuko dute Ibarran Oiartzunen aurka eta mahoneroek zapatuan, 16:30ean, Agorrosinen, Lagun Onak B-ren aurka.

Emakumeek, etxean

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako bailarako ordezkariek etxean jokatuko dute asteburuan. Leintz Arizmendik Touring hartuko du Mojategin domekan, 17:30ean. Bergarak, zulotik irten nahian, Antiguoko izango du aurkari, egun eta ordu berean, Ipintzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak