Helburua ikasleekin migratzaileek Irungo administrazio-mugan bizi duten egoera landu, salatu eta pertsona horientzako bitartekoak batzea izan da. Hauxe adierazi du Iraitz Salegik, Aranzadiko komunikazio-arduradunak: "Ez dugu urrutira joan beharrik errealitate horren aurpegi latzena ezagutzeko, Bidasoa ibaiaren bi aldeak, Irun eta Hendaia, ezinbesteko muga-pasabidea baitira aukera berriak bilatzeko beren jatorrizko lekuetatik desplazatuta dauden pertsonentzat. Guk, Irungo Harrera Sarearekin elkarlanean, pertsona guztiek harrera duina izateko duten eskubidea aldarrikatu dugu". Hasteko, ikasleekin kontzientzia astintzeko ekintzak egin zituzten. Amets Arzallusen Miñan liburua irakurri zuten ikasgeletan, eta idazleak berak solasaldia eskaini zien Bergarako Seminarixoan 250 gaztetxori. Gainera, DBHko zenbait ikaslek Irun bisitatu zuten, problematika bertatik bertara ezagutzeko.
Ikasleen ekarpena
Material bilketa ere egin zuten, muga mendiz zeharkatzeko arropa, oinetako eta osagarriak eta eskuko telefonoak batuta. "Erantzuna izugarria izan da! Eskerrik asko, batez ere, Oñatiko Hotz elkarteari", esan du Salegik. Horrez gain, Bergarako Ikastolako LH-6ko ikasleek azoka solidarioa antolatu eta 1.400 euro batu zituzten Irungo Harrera Sarearentzat. Hango kideekin asteon elkartu dira Irunen hiru ikastoletako ordezkariak, bilketetan jasotako baliabide emateko.