Adin adin ekimenaren zortzigarren edizioa izango da. Aurreko urteetan izandako harrera ona ikusita, pixkanaka haziz joan da. Azken saioak iazko udaberrian antolatu ziren lurraldeko 18 egoitzetan, 19 bertsolariren parte-hartzearekin; aurten, bina bertsolarik eskainiko dituzte bertso saioak.
Zazpi udalerritako 21 egoitzetara iritsiko dira, beraz, bertso saioak, bertan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta bertsoen bidez euren gaitasuna sustatzea dute helburu. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak bertso saio horiek duten "garrantzia eta onura" azpimarratu ditu, "emozioetara iristen den tresna baita bertsoa".
Proiektu horren bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin. Helburuetako bat, adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzea eta euren arteko harremana hobetzea da. Gainera, musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten lagunduz.
Saioak Debagoienan
Hona hemen Debagoienean egingo dituzten saioak:
- Bergara. Maiatzak 9. Mizpirualde egoitza. 17:00. Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña.
- Arrasate. Maiatzak 11. Iturbide egoitza. 10:30. Maider Arregi eta Anjel Mari Peñagarikano.
- Aretxabaleta. Maiatzak 17. GSR Debagoiena. 11:00. Sebastian Lizaso eta Uxue Alkorta.