Zozketarekin bildutako funtsak Debagoieneko Gurutze Gorriak Elorregin dituen ibilgailuen egungo flotaren ekipamendua mantentzeko eta hobetzeko erabiliko dira: erabat hornitutako bi anbulantzia, lur orotako hiru laguntza-ibilgailu, garraio egokituko ibilgailuak eta bailarako kolektibo kalteberentzat zuzendutako hainbat gizarte-proiektutarako. Debagoieneko Gurutze Gorriaren Urrezko Zozketarako txartelak denda, taberna eta jatetxe laguntzaile askotan eros daitezke, baita Gurutze Gorriko boluntarioen sarean ere. Uztailaren 20ra arte erosi ahal izango dira txartelak, Malagan egingo den zozketa-egunera arte.
Hauxe esan du Debagoieneko Gurutze Gorriko presidente Javier Igartuak: "Urrezko Zozketari esker jasotako ekarpen hori oso garrantzitsua da gure Elorregiko egoitzan sorospen eta larrialdien aurrean erantzuteko materiala mantentzeko, prebentzio-zerbitzuak egiteko eta gure eskualdean bertan familia eta pertsona ahulen aldeko gizarte-proiektuen bideragarritasun ekonomikorako”.
Gaur egun, Debagoienean 65 boluntario dira, osasun-arloko profesionalekin batera, lan hori egiten dutenak eta azpiegitura beti prest dutenak larrialdiko aktibatzeen aurrean. Joan den urtean, 600 pertsonak baino gehiagok jaso zuten laguntza, haren gizarte-proiektuen bidez: mugikortasun murriztua duten pertsonentzako garraio egokituko zerbitzuak, telelaguntza eta etxez etxeko laguntza, edo laguntza produktuen doako mailegua, aulki gurpildunak edo makuluak emanez. Gainera, Debagoieneko Mankomunitatean bertan pertsona batzuek behar adina ongizate fisiko, mental eta sozial lortzeko dituzten zailtasunen aurrean laguntza baliagarria eskaintzeko, gizartean ahalik eta bizitza osoena izan dezaten. Horregatik guztiagatik, Gurutze Gorriarentzat lagungarria izango litzateke ahalik eta txartel gehien saltzea zozketa egunerako.