Lasterketari dagokionez, kadete mailan lehia gogorra izan zen. Hasi eta berehala, erorketa batzuen ondorioz, lasterketa hainbatetan geratu behar izan zuten, eta urduritasuna areagotu egin zen. Ibilbidea ez zen egokioena, errepide kaskar eta estuak zirelako; txirrindulariek nahikoa lan izan zuten bizikleta gainean jarraitzen. Igamo Packaging taldeko hirurek lasterketa amaitzea lortu zuten: Arantxa Anduagak, Maddi Oleagak eta Itxaso Askasibarrek.
Gazte mailan, berriz, taldea ordezkatuz Edurne Ormaetxea eta Itxaso Plaza izan ziren. Plaza faboritoen artean zegoen, eta hala erakutsi zuen, lehen mendatea hirugarren postuan pasatu zuen eta. Baina kadeteen lasterketan bezala, errepide kaskar eta estuak hasi zirenean eta lasterketa-buruan zihoala, matxura izan zuen eta denbora asko galdu zuen; lasterketa apurtuta zetorren eta ezin izan zuen aldea murriztu. Bukaeran, Ormaetxearekin aurreko taldeak harrapatu eta pasatzea lortu zuten, baina ez zuten denborarik izan lehen taldera itzultzeko. Taldetik adierazi dutenez, kirol emaitzetan astebururik onena izan ez bada ere, esperientzia aberasgarria jaso dute etorkizunera begira Igamoko txirrindulariek.
Hauek izango dira hurrengo lasterketak: Ormaetxeak Arabako erlojuaren aurkako txapelketan parte hartuko du, apirilaren 29an, eta talde guztiak Arabako Itzulian maiatzaren 6an eta 7an, Laudion eta Legution.