Bolada onean dagoen Bergara garaile Azkoagaingo derbian (0-2)

Hasier Larrea 2023ko api. 23a, 19:26

Futbolean dinamikek berebiziko garrantzia dutela ikusi da Oñatin Aloña Mendik eta Bergarak jokatu duten norgehiagokan. Txantxikuak nahi eta ezinka ibili dira, eta bisitariak markagailuak dioena baino larriago. Hala ere, bi burukada eta defentsan fin ibiltzea nahikoa izan zaizkio Bergarari hiru puntuak eskuratzeko.

Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako derbia jokatu dute gaur Azkoagainen helburu desberdinen atzetik dabiltzan Aloñak eta Bergarak; etxekoak zulotik irteteko borrokan, eta kanpokoak liga onenen artean bukatzeko ilusioarekin. Aloñak ondo hasi du partidua; markagailuan aurretik jartzeko bi aukera garbi izan ditu, baina aprobetxatu ez, eta Bergarak erantzun egin du 23. minutuan, zelaian hasieran baino hobeto kokatuta zegoenean. Aguero izan da goleatzailea buruz egin duen erremate bati esker. Aloñako jokalariek protesta egin dute baloiak ondoko marra gainditu duelakoan, baina epaileak ez du baliogabetu jokaldia. 

Etxekoak berdintzen ahalegindu arren, huts eta batekoarekin joan dira atsedenaldira. Bigarren zatian mahoneroak ondo itxi dituzte atzeko lerroak, baloia ostu eta kontraerasora irteteko zain. 58. minutuan lortu dute bigarren gola egitea, kornerra buruz errematatuta. Azken ordu erdian Aloñako Auritzek baloia langara bidali du, baina, azkenean, golik sartu gabe bukatu du partidua etxeko taldeak.

Mondrak maila galdu du

Liga bereko Mondra eta UDA berdinketa banarekin itzuli dira etxera. Zuri-moreek 3-3 egin dute Oiartzunen zelaian, eta aretxabaletarrek 0-0 Zumarragan, Urolaren aurka. Emaitza horien ostean, Aloña Mendik azken bigarren jarraituko du, Mondraren aurretik. Arrasatearrek, gainera, matematikoki zituzten aukera guztiak galdu dituzte mailari eusteko. Bestalde, seigarren postuan, Bergara da debagoiendarren artean ondoen kokatuta dagoena, eta ondoren Aretxabaleta, bederatzigarren. Liga bukatzeko bost partidu geratzen zaizkie.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan aurkia eta ifrentzua jaso dute bailarako bi taldeek. Hiru puntuekin itzuli direnak bergararrak izan dira kategoria horretan ere, 1-2 irabazi baitiote Oreretako Touring-i. Sailkapeneko zulotik irteteko borrokan pauso garrantzitsua eman dute mahoneroek. Leintz Arizmendik, kontrara, 3-0 galdu du bigarren sailkatua doan Hernaniren zelaian, eta seigarren jarraitzen du sailkapenean, liga bukatzeko lau partidu faltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak