Eskoriatzak zaleen bultzadaz irabazi du derbia (6-1)

Hasier Larrea 2023ko api. 23a, 09:53

Manuel Muñoz kiroldegian giro ikaragarria egon da beste behin ere, Eskoriatza eta Mondrateren arteko neurketak bereziak baitira zalegoarentzat. 15. minutura arte ez da markagailua mugitu, baina bigarren zatian aise gailendu dira etxekoak.

Sailkapenean 10 puntuko aldearekin aurkeztu da Mondrate Eskoriatzaren kantxan, bata bosgarren eta bestea hamargarren, baina derbietan jakina da etxeko taldeak abantailarekin hasten duela partidua, eta zapatu arratsaldekoa ez da salbuespena izan. Hitzordu berezietako trajea jantzi du Manuel Muñoz kiroldegiak, jendez gainezka eta bero-bero.

Kosta egin zaie jokalariei aurkariaren atea zulatzea. Mondratekoek akatsa egin dute atzean, pase horizontal bat huts eginda, eta eskoriatzarrek ederto baliatu dute aukera. 15. minutuan aurreratu dira 1-0, eta halaxe joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian jaun eta jabe izan da Eskoriatza. Epaileak hasteko txistua jo eta 15 segundora iritsi da bigarren gola. Bi minuturen bueltan 3-0 zihoazen aurretik, eta laugarrena ere segidan etorri da, penaltiz. Arrasatearrek markagailua makilatzea lortu dute 4-1ekoarekin, eta jokalari-atezaina atera dute erasora oldartzeko. Arriskuak hartu dituzte eta etxekoak argi ibili dira, azken minutuetan beste bi gol sartzea lortu baitute. Amaieran, 6 eta 1. Denboraldia bukatzeko geratzen diren lau partiduetarako konfiantza pilatu du Eskoriatzak, eta Mondratek lanean jarraitu beharko du goiko postuen ehizan segitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak