Kantxako azken emaitzek lagundu ez badute ere, eskoriatzarrek behar den moduan ospatu nahi dute bihar Eskoriatzak eta Mondratek maila nazionalean jokatuko duten derbia: 18:30ean, Manuel Muñozen. Eta horretarako, egun osoko jaia antolatu dute. Esaterako, 12:00etan txorizo- eta gazta-pintxoak egongo dira, arku tiraketa saioa, bigarren eskuko azoka, eta derbi ostean (20:00) parrillada.
Bi taldeek azken hilabeteotan beherakada izan dute. Iaz oso indartsu amaitu zuten denboraldia, ligako oilarretako bi izan ziren, eta, hain zuzen, azken jardunaldira arte biek ala biek izan zuten igoera fasera sailkatzeko aukera –eskoriatzarrak sailkatu ziren–. Orain, berriz, Eskoriatzak (33 puntu) azken bi partiduak galdu egin ditu, eta hamabigarrena da sailkapenean. Mondrate (43 puntu) bosgarren dago sailkapenean, baina eurek ere azken jardunaldietan ez dute aparteko emaitzarik batu: bi berdinketa eta porrot bat. Hala ere, biendako derbia irabaztea bada urteko helburuetako bat.