Frantziako Gobernuari egiazko hizkuntza-politika eta baliabideak exijitzeko dei bateratua egin dute Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek, eta, Euskal Herriko euskaltzale guztiak animatu dituzte bertaratzera. "Esaterako, Seaskako ikasle, familia eta profesionalak urte luzez ari dira borrokan, ikasleek azterketa ofizialak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen. Duela aste batzuk lortu zuten Brebeta –DBH3n egiten duten azterketa– euskaraz egiteko baimena, baina Baxoa –Selektibitatea– osoki frantsesez egin behar dute. Egoera horren aurrean, Hego Euskal Herriko ikastoloi eskatu digute ahalegin berezia egitea apirilaren 22an Baionako kaleak betetzeko, herri gisa erantzun dezagun", azaldu dute bi ikastoletatik.
Autobusak
Interesa duen edonork eman ahalko du izena Arizmendiren eta Aranzadiren autobusetan; horretarako azken eguna apirilaren 19a izango da eta eserlekuko hamar euro ordaindu beharko dira. Bi ikastolak finantzatuko dute autobusaren alokairuaren zati bat, eta, apirilaren 20an jarriko dira harremanetan izena eman dutenekin. Autobusak alokatzeko gutxienez 40 lagun elkartu beharko direla ere zehaztu dute.
Arizmendik antolatutako autobusa, apirilaren 22an, zapatua, 11:00etan irtengo da Eskoriatzatik, handik Aretxabaletara 11:15erako eta jarraian, 11:30ean Arrasaten batuko du jendea. Itzulera 19:30ean izango da, Baiona.
Aranzadik antolatutako autobusa, apirilaren 22an, zapatua, 11:00etan irtengo da Bergaratik. Itzultzeko hitzordua 19:30ean izango dute, Baionan.