Avanzako batzordeak salatu du autobusak ez mantentzeak arriskua dakarrela

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 17a, 11:54

Avanza Movilidad Gipuzkoa S.A. konpainiako autobus bat, Arrasaten.

Haren arabera, Avanza Movilidad Gipuzkoa S.A. konpainiako autobus-flotaren egoera "tamalgarria" da, eta horrek arriskua dakar erabiltzaileentzat eta langileentzat.

Azaldu duenez, 2018tik dabiltza egoeraren berri ematen, baina, gaur-gaurkoz, "inork" ez die gidariei erantzunik eman. "Hitza onak baino ez dituzte jaso, baina flotaren arazoak konpondu gabe jarraitzen du". Are gehiago, erantsi du egoera honek "laneko estresa" eragiten diela gidariei, eta horrek eguneroko lanean eragina duela. "Avanza Taldeak autobusei egiten dien mantentze-lana ez da nahikoa esleitutako ibilbidea segurtasunez egiteko".

Batzordekideek autobusetako ohiko matxuren berri eman dute, eta, besteak beste, aipatu dute egoera "kezkagarrian" egon ohi direla gurpilak; horrez gainera, klimatizaziorik gabe eta lurrun-kontrolik gabe zirkulatzen duten autobusen berri ere eman dute, azpimarratu baitute horrek eragina duela gidariaren ikusmenean. Zaindu gabeko maletegiak ere badaudela ohartarazi dute, eta, beraz, ekipajea jasotzeko bidaiariak galtzadara atera behar duela.

Baldintzen ondorioak

Nabarmendu dute enpresak, "askotan", gidariei agintzen diela eguneroko lana baldintza horietan dauden ibilgailuekin egitea, eta, ondorioz, bajen kopuruak gora egin duela azken urtean. "Enpresak arazoa konpondu beharrean, Osakidetzaz kanpoko zerbitzu bat kontratatu du, Osakidetzaren txostenak eskatzeko eta bajen osagarria kentzeko". Gidariez gain, ordea, azaldu dute mekanikariak ere "estres handia" ari direla jasaten.

Beraz, argi dute: "Egoerak jasanezina izaten jarraitzen du, eta, erremediorik jartzen ez bazaio, gero eta hurbilago dago zoritxar bat gertatzea". Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen "berehalako esku-hartzea" eskatu du batzordeak, autobusen egoera "berehala" zuzendu behar dela adierazita, "behin betiko neurrik egokiak" hartuta. "Betiere, argi utzita gidariek ez dituztela beren gain hartuko enpresaren autobus-flotaren mantentze-lanak eragindako edozein istripuren kasuan sor daitezkeen erantzukizunak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak