Taldeko ordezkariak kadete mailan Arantxa Anduaga, Itxaso Askasibar eta Maddi Oleaga izan ziren; gazte mailan, Edurne Ormaetxea eta Itxaso Plaza; eta elite mailan, berriz, Eneritz Urrutiak ordezkatu zuten taldea. Egubakoitzetik domekara bitartean lehiatu ziren. Lehen etapa, erlojupekoa, Lekeition izan zen, herri barruan antolatu zuten 4,5 kilometroko joan-etorria. Igamoko neskek aurreko postuetan sailkatzea lortu zuten. Askasibar 11.a kadeteetan eta Ormaetxea 5. gazteetan; horiek izan ziren emaitza esanguratsuenak.
Larunbatean, aldiz, egun borobila izan zen taldearentzat; batez ere, elite-gazte mailako lasterketan;. Gazteek elite txirrindulariekin batera lehiatu behar izan zuten. Itxaso Plazak elite mailako bederatzigarren postua lortu zuen, gazteen mailan lehena izan zen, eta kategoria horretako garaipena lortu zuen.
Hirugarren eta azken etapa Berriatuan jokatu zen. Plazak, zapatuko lanarekin jarraituz, sailkapen nagusian hirugarren postuan hasi zuen etapa, sailkapen orokorra lehiatzeko helburuarekin. Azkenean, bi mendate puntuagarriren ostean, bigarren postuan iritsi zen helmugara: sailkapen nagusiko bigarren postua lortu zuen, eta gazte mailako lehena. Bestalde, kadete mailan, Itxaso Askasibarrek hamabigarren postua eskuratu zuen sailkapen nagusian.

Txirrindulariek Leonen izango dute hurrengo lasterketa, Villaquilamben jokatuko den Espainiako Kopako laugarren proba puntuagarrian.