Debarroko pilota txapelketari ekingo diote asteon

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 15a, 16:03

Iazko Debarroko pilota txapelketako finaleko irudia.

Kadete mailan lau bikote arituko dira; jubeniletan, hiru; eta, nagusitan, zazpi. Bailarako pilotariek ere jokatuko dute.

Bergarako pilota elkartea da antolatzailea, eta, azaldu duenez, txapelketak 74. aldia izango du aurten; ia bi hilabetekoa izango da. Hain justu, nagusienek ekingo diote lehiaketari. Bihar bertan jokatuko dute lehen partida, Aretxabaletaren eta Soraluzeren artekoa, Aretxabaletan, 11:30ean. Horrez gain, Aloña Mendi taldeko bi bikote ere arituko dira lehian nagusien mailan; Bergaratik, beste bi; eta, Elgoibartik, bakarra.

Kadeteak eta jubenilak, berriz, maiatzaren 1etik 7ra bitartean hasiko dira partidak jokatzen. Kadeteetan, bailaratik, Aretxabaletako bi talde eta Bergarako bat arituko dira jokoan, eta alboan izango dituzte elgoibartarrak ere. Jubeniletan, Aloña Mendiko eta Bergarako pilotariek jokatuko dute, soraluzetarrekin batera.

Finalei dagokienez, ekainaren 18an jokatuko dira Bergarako udal pilotalekuan, baina momentu horretara iristeko, aurreko partidak jokatu beharra dago.

Parte hartzea, handiagoa

Txapelketaren edizio honetan bikoterik izan ez arren, antolatzaileek nabarmendu dute Arrasateko, Antzuolako eta Eskoriatzako pilotariek ere parte hartu izan dutela txapelketan; eta, Debagoienetik kanpo, baita eibartarrek eta debarrek ere. Are, erantsi du "hau egitea ez litzatekeela posible izango" babesleengatik ez balitz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak