Ikurrina eta Nafar Erresumako bandera bailarako herrietako balkoi ugaritan egongo da bistan gaurko egunez, Aberri Eguna baita. Ekitaldi ofizialak, baina, Debagoienetik kanpo garatuko dira.
'Gure izaera. Gure aberria'
Azken urteotan ohikoa den bezala, Bilboko Plaza Barrian egingo du EAJk ekitaldi politikoa, oraingo honetan Gure izaera. Gure aberria lelopean. 11: 30etik aurrera, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartuko dute hitza, alderdiko 80 bat barne-kargudun eta erakundeetako ordezkariren babesarekin.
Hala, alderdi jeltzaleak "euskal nazioa" eta "etorkizuna erabakitzeko eskubidea" defendatuko ditu. Horregatik, "subiranotasun eskubidea instituzionalizatzea" eskatuko du.
Prestatu duten manifestuaren arabera, jeltzaleek Espainiako Estatuan "birzentralizazio prozesu argia" ikusten dute, egungo autogobernu mailei "eraso" egiten diena eta "nazio aniztasunaren ulermena murrizten" duena, "Euskadiri eta Kataluniari eragiten dieten jarrera atzerakoiekin", . Horregatik, "errealitate plurinazionalaren garapena bermatuko duten lege- eta erakunde-mekanismoak" eskatuko ditu, "errespetuaren eta berdintasunaren premisapean".
'Maite dugun herria'
Bestalde, EH Bilduk Aberri Egunaren ospakizuna errepikatuko du Iruñean, Maite dugun herria lelopean, manifestazio, kontzertu, kale animazio eta haurrentzako jolasekin.
Manifestazioa 12:00etan hasiko da Golem zinemetatik. Alderdi soberanistak "Euskal Herriaren aldarrikapen nazionalari bultzada herrikoia" emateko deia egingo du, "Euskal Estatua proiektu politiko garaikidea" dela sinetsita.
Hori dela eta, erabakitzeko eskubidea "erdigunean" jartzearen alde egingo du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, eta "frustrazioari aurre egiteko eta herri gisa aurrera egiteko gai den euskal nazio horri" dei egingo dio. "Ezin gara besoak gurutzatuta geratu euskal errepublika bat lortu arte", esan dute EH Bildutik.
Irlandako Sinn Feineko ordezkariak, tartean Declan Kearney presidentea, ERC eta CUP alderdi katalanekoak eta BNG alderdi galegokoak izango dira Nafarroako hiriburuan EH Bilduren deialdia babesten.
Halaber, Iparraldean ere ospatuko dute Aberri Eguna, Itxasun, Bagirak antolatuta, eta EH Bilduk eta EH Baik parte hartzera deitu dute.
'Bagara, badugu'
Atzo, bestalde, Euskal Herria Batera ekimenak Donostiako Miramar Jauregian egin zuen ekitaldia. Aberri Egun bateratua ospatzearen aldeko apustua egin zuen, eta "Euskal Herri osoko eragile sozial, politiko, sindikal, kultural, akademiko eta kirol eragile guztiei" bertan parte hartzeko deia egin zien, Bagara, badugu lelopean. Helburua, adierazi dutenez, "euskal herritarrei irudi bateratua eskaintzea da".