Urtea amaitu baino lehen birgaituko dute Arlabango mendateko zorua

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko api. 5a, 09:47

Argazkia: Imanol Soriano.

Arlabango GI-627 errepidea hobetzeko lanak egingo dituzte datozen hilabeteetan; Foru Aldundiaren asmoa da maiatzean lizitatzea obra horiek eta urte amaierarako lanak amaituta egotea. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek azaldu du GI-627 errepideko bost puntutan bi kilometro zoru birgaituko dutela. Lan horiek egiteko 1,3 milioiko aurrekontua izango du Aldundiak.

Orain arte egindakoak

Bideko zoruak birgaitu aurretik beste hainbat lan egin dituzte Arlabango mendatean; besteak beste, errepideko hainbat puntutako lerradurak egonkortu egin dituzte. Hain zuzen, errepideko hiru puntutan konpondu eta egonkortu dituzte lerradurak. Horretarako, puntu bakoitzari egokitutako euste-pantaila batzuk instalatu dituzte, mikropilotaz osatuak. Oiarbidek nabarmendu du esku-hartzeak gune oso konplexuetan egin direla eta garrantzi handikoak direla, errepidearen segurtasuna bermatzen dutelako.

Errepidearen garrantzia

"Errepide hori beharrezkoa da Gatzagako eta Eskoriatzako baserri asko lotzeko, baita jatetxe eta landa-etxeetarako ere", dio Oiarbidek. Eta txirrindularitza-zaleak ere gehitu ditu: "Arlaban mendatea kuttuna da txirrindularitza-zaleendako". Bigarren mailako errepide sareak ere arreta eta mantentze-lanak behar dituela nabarmendu du Oiarbidek: "Funtsezkoa da lurraldearen kohesiorako".

Hiru lerradura konponduta

Konpondu dituzten errepideko lerradura-zatiak hauek izan dira: "Konpondu den lehenengo lerradura 55 metroko oinplanoko horma bat da, eta deformazioak sortu ziren puntu batean egin da lan". Bigarren lerradurak 55 metroko luzera zuen beste errepide zati bati eragin zion. Zoladuran eta errepidearen zabalgune osoan ezegonkortasun eta deformazio-zantzuak antzeman dituztenez, egonkortu egin dute zati hori ere. Hirugarren eta azken lerradura 110 metroko luzera duen errepide zati batean dago. Ezegonkortasunaren deformazio-zantzuak antzeman zituzten zati hartan ere. Hiru lerradura horietan, kasu bakoitzari egokitutako mikropilotaz osatutako pantailak jarri ditu Aldundiak. Oiarbidek prentsa-ohar bidez nabarmendu du orain arte bezala 15 tonatik gorako ibilgailuek debekatuta dutela GI-627 errepidean zirkulatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak