Jakinarazi baitute hirugarren mailako hizkuntza eskakizuna ezarri zitzaiola lanpostu horri 2018an, baina, orain, bigarren mailakoa onartu dutela. "Euskararen aurkako eraso ulertezina da", eta nabarmendu dute ez dutela bat egiten erabaki horrekin. "EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen duela hilabete hainbat udaletan, euskara jasaten ari zen eraso judizialak salatzeko. Ulertezina da orain EH Bilduk erabaki hori hartzea". Are gehiago, salatu dute "inkoherenteak" ari direla izaten, eta, gainera, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko presidentea ere bailarako Mankomunitateko kide izanik, ez dutela aldeko bozka ulertzen. "Euskararen aurkako eraso itzela da".
Alabaina, Debagoieneko Mankomunitatetik adierazi dute halako lanpostu bat bete aurretik, kontsulta egin ohi dela Eusko Jaurlaritzako dagokion sailean, eta hark zehaztu dezakeela zein hizkuntza-maila duen postu horrek langileak bete beharreko funtzioen arabera. Bada, kasu honetan, erantsi dute Mankomunitateak hirugarrena zehaztuta bazuen ere, bigarrena ere aitortu diola Jaurlaritzak, eta, beraz, langile horrek lanpostu horretan egin beharrekoak gogoan izanda, bigarrenaren alde egin dutela.