Puntu banaketarekin amaitu da UDAren eta Beti Gazteren arteko partidua

Txomin Madina Milikua 2023ko api. 2a, 20:38

Ibarran jokatu den norgehiagokan lesakarrak izan dira gola egiten lehenak, baina bigarren zatiko lehen minutuetan berdintzea lortu dute aretxabaletarrek. Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako partiduetan Bergarak irabazi egin du, Aloña Mendik berdindu eta Mondrak galdu. Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan galdu egin dute Leintz Arizmendik eta Bergarak.

1-1 berdindu dute UDAk eta Beti Gaztek gaur arratsaldean Ibarran jokatu duten Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako partidua. Lesakarrek lehen minutuetan sartu dute gola korner bati esker, eta aretxabaletarrek lehen zatian partiduaren kontrola lortu eta aukera ugari izan dituzten arren, ez dute lortu baloia sareratzerik.

Bigarren zatiko lehen minutuetan heldu a UDAkoen gola, Mikel Ezeizak egin duena. Hortik eta partidua bukatu bitartean bi taldeen jokoa parekatu egin da, baina bietako inor ez da gai izan berdinketa apurtzea.

"Taldea ondo ikusten dut, oso ondo gabiltza lanean. Baina denek ez badute %100ean jokatzen, pila bat kostatzen zaigu irabaztea. Gaurko partidua izan daiteke horren adibide", adierazi du Unai Calzon UDAko entrenatzaileak. "Pozik" agertu da taldeak orokorrean egindako lanarekin, baina gaineratu du garaipenak ihes egin dienez, goiko postuetara igotzeko aukera galdu dutela. Era berean, gogoratu du bigarren itzuli onena egiten ari diren taldeetako bat direla.

Gaurko emaitzaren ostean, sailkapenean bederatzigarrenak dira aretxabaletarrak, 39 punturekin.

Bergarak irabazi, Mondrak galdu eta Aloña-Mendik berdindu

Bergarak zapatu goizean, 12:00etan jokatu zuen Mutrikuren aurka Agorrosinen, eta 2-1 gailendu zen etxeko taldea. Neurketa parekatua bezain estua bizi zuten bi taldeetako jokalariek, eta epaileak partidua amaitutzat eman arte, bukaera arte gogor borrokatu zuten. [Partiduko argazkiak eta penaltiz sartutako gola bideoan]

Aloña-Mendik, aldiz, Azpeitian jokatu zuen Lagun Onak taldearen kontra, eta, bina eginda, puntuak banatu zituzten. Neurketa garrantzitsua zuten oñatiarrek, eta, etxetik kanpora puntu bakarra eskuratuta bueltatu behar izan ziren. Mondrak, bestalde, ez du burua altxatzen, eta, Mo0jategin bertan jokatutako partiduan galdu egin zuen 1-2 Urolaren aurka.

Leintz Arizmendi eta Bergara puntu barik

Emakumezkoen Ohorezko Erregional kategorian Leintz Arizmendik zein Bergarak ez zuten golik sartu, eta, bi taldeek jaso zuten gol zaparrada. Leintz Arizmendik etxetik kanpora jokatu zuen partidua, Donostian. Hain zuzen ere, Intxurdiren kontra jokatu zuen, eta hiru gol jaso zuten Debagoieneko neskek. Hernani izan zuten aurkari, bestalde, bergararrek, eta, kasu honetan 0-4 galdu zuen etxeko taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak