Ohorezko erregional mailako lau ordezkariek zazpi jardunaldi dituzte azken esprinta egiteko, baina denak ez daude egoera berean. Aretxabaletak (38) eta Bergarak (36) azken bi hilabeteetan bideratu dute, neurri handian, denboraldia, eta arnasa hartu dute, larritasuna ematen duten postuetatik urrunduta. Mondrak (17), berriz, aspaldi ikusi zuen aurtengoak urte gogorra izan behar zuela. Sailkapenaren azken postuak errealitatea modu gordinean erakusten du, baina zuri-moreek amaierara arte lehiakor izaten jarraitu nahi dute, eta azken hiru partiduak berdindu izanak erakusten du hori. Hala, hiru talde horiek etxean jokatuko dute asteburuan. Bergarak Mutrikun hartuko du zapatuan (12:00, Agorrosin); Mondrak Urolaren kontra jokatuko du (18:00, Mojategi), eta Aretxabaletak Beti Gazteren kontra domekan (16:30).
Aloña Mendikoek, berriz, kanpoan jokatuko dute. Oñatikoendako (28) azken zazpi jardunaldi hauek intentsitate handikoak izan behar dute; nahiz eta jaitsiera postuetan egon, euren esku dago mailari eustea. Eta zapatuko kontrario Lagun Onak (32) da, hain zuzen, kategoriari eusteko kontrario zuzenetako bat. Zapatuan 15:30ean jokatuko dute Garmendipen.