Ezin amaitu trabaz betetako lasterketa

Xabier Urtzelai 2023ko mar. 30a, 17:00

Joseba Azkarate, ezkerrean, Soriako irteera-puntuan.

Arazo mekaniko bat tarteko, Joseba Azkaratek ezin izan du amaitu Espainiako Duatloi Txapelketa. Ez da traba bakarra izan: Antxintxikatik salatu dute Espainiako Federazioan ez dagoela araudia egokitzeko borondaterik.

"Joseba Azkaratek dituen zailtasun handienak ez dira fisikoak". Halaxe laburtu du Antxintxikako ordezkari Aitor Rementeriak joan den astean Sorian gertatu zitzaiena. Izan ere, eta paradoxikoa bada ere, atleta oñatiarrak Espainiako Duatloi Paralinpikoan aurkitu ditu traba handienak. Kontua da halako probak oraindik ez daudela egokituta lesio maila handia duten kirolarien ezaugarrietara, eta salatu dutena da Espainiako Federazioaren partetik utzikeria dagoela: "Soriara joan aurretik bagenekien zerekin egingo genuen topo. Alde horretatik, azpimarratzekoa da Josebak lasterketan izan zuen jarrera, traba horiek guztiak gainditzen saiatu zelako eta lasterketa amaitzeko haren eskuetan zegoen guztia egin zuelako".

Iaz gauza bera, Avilesen

Zoritxarrez, iaz Avilesen gertatu zitzaiena Sorian errepikatu da asteburuan: "Iaz lasterketa hasi eta berehala Josebak aldapa gogor bat gainditu behar zuen, eta zirkuitu hartan ez aurrera eta ez atzera geratu zen. Kontua da gaur egun dagoen araudiarekin lesio maila handiak dituzten partaideek ez dutela ia aukerarik proba amaitzeko, araudia gerritik gora arazorik ez duten partaideak kontuan hartuta eginda dagoelako. Ibilbide aldapatsuak, aulkitik bizikletara pasatzeko pertsona bat baino gehiagoren laguntza izateko ezintasuna... Eta hori guztia gaindituz gero, nola poliki zoazen, lasterketa amaitzeko denboraz kanpo geratzen zara. Izan ere, Sorian garbi esan ziguten gehienez bi ordu genituela lasterketa egiteko. Bada, Espainiako Federazioan araudiari buruz dauden hutsuneak azaleratzeko asmoarekin joan ginen hara, eta, noski, lasterketa bukatzeko asmoz, baina ez zen posible izan".

Arazoak galga batekin

Joseba Azkarate ez zen helmugara iritsi, zirkuituan zehar arazo mekanikoak izan zituelako. "Zortea izan genuen Josebaren bizikletako balaztako takoa askatu egin zelako. Alegia, Joseba freno barik geratu zen. Lasterketan bertan Josebak ezin du ikusi hori gertatu denik, eta eskerrak ez zuen aldapa behera harrapatu, sekulako kolpea har zezakeelako... Horregatik eskatzen dugu lasterketan zehar Joseba taldeko kide batekin joatea ondoan, baina ez digute halakorik baimentzen. Ezta boxetan Joseba bizikletara pasatzeko bi lagunen laguntza izatea ere. Bada, hark arazo mekaniko hori izan zuenean, publikoko ikusle batek bultzatuta egin behar izan zuen helmugarako bidea, aipatu moduan, ez zigutelako haren ondoan joaten utzi. Zentzurik ez duen araudia da hori, gure inguruko edozein lasterketako antolatzaileak irtenbideak aurkitzen saiatzen dira, baina Espainiako Federazioan ez dago batere borondaterik araudi hori egokitzeko", adierazi dute Antxintxikatik

Antxintxikatik eskatzen dutena da paraplejia dutenez harago tetraplegia duten kirolariak ere aintzat hartzen hastea. "Espainiako Federazioak egokitu egin beharko luke araudi hori. Kontua da apenas dagoela Joseba Azkaraten ezaugarriak dituen kirolaririk, baina hor dago Azkarateren meritua. Izan ere, Federazioaren jarrera horrekin guri iristen zaigun mezua da: 'Ez zaitezte etorri, lana baino ez duzue-eta ematen'. Eta hori aldatu egin behar da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak