Uztailaren 12tik 30era egingo da Urmuga, Debagoienean geldialdia eginda

Mirari Altube Arrese 2023ko mar. 30a, 15:12
(Argazkia: Urmuga)

Euskal Herria zeharkatuko du beste urte batez, Urmuga ibilaldi musikatuak uztailean. Mendizaleek eta musikariek bat egingo dute hemeretzi egunetan Angulo portutik Hiru Erregeen Mahairaino artean. Eta Debagoienera ere iritsiko dira; uztailaren 16an sartuko da Arlabanetik eta 18an irten Urbiatik.

Euskal Herriko gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman, eta inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jarriko ditu Urmuga 2023 ekimenak. Gaur aurkeztu dute, Donostian, eta mendi ibilaldien, kontzertuen eta artisten egitaraua zehaztu.

Aurkezpenean elkartu direnak. (Argazkia: Urmuga)

Debagoienean uztailaren 16an, domeka, sartuko da. Urkiola parke naturalaren bihotzean hasiko dute etapa; Anboto (1.296 m) zeharkatu eta Orixol (1.127 m) igota iritsiko dira Arlabanera mendizaleak. Bederatzi orduko ibilaldia izango dela aurreratu dute.

Uztailaren 17an, astelehena, Arlabanen ekingo diote etapari eta Elgea mendilerroa zeharkatuko dute gainik gain: Aumategi (1.192 m), Mugarriluze (1.109 m) eta Usakoetxena (920 m). Urbian bukatuko dute zazpi ordu pasatxo egin ostean.

Hurrengo egunean, hilaren 18an, Urbian ekingo diote ibilbideari eta Arbelaitzetik Aizkorrira joango dira hainbat tontor igarota: Aitxuri (1.551 m) eta Aketegi (1.549 m). Otzaurteko portuan bukatuko dute eguna, bederatzi ordu inguruko ibilaldia eginda.

Kontzertuak ere izango dira hainbat herri, mendi eta natura eremutan, baina oraingoz, ez dute halakorik aurreikusi Debagoienean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak