Juan Vallsek (gitarra eta ahotsa), Iñigo Ugartek (gitarra), Ander Etxanizek (baxua) eta Mikel Marcok (bateria) osatzen duten Ramada Inn taldea "gogotsu" dago iazko otsailean argitaratu zuten Pills for horses estreinako lana herritarren aurrean zuzenean gaztelekuko agertokian eskaintzeko. "Publikoaren partetik harrera oso ona izan du eta musika-agerkarietan jasotako kritikekin pozik gaude, iazko disko onenen artean izendatu zuten eta. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak antolatzen duten Katapulta Tour Gipuzkoa birarako aukeratzeak ere indarra eman digu, eta udaz- kenetik aurrera hainbat emanaldi egiteko aukera izango dugu; musika jaialdietan gehienak", azaldu du Juan Vallsek.
Diskokoak eta kantu berriak
Biharko kantu-zerrendan, diskoko kantuez gainera, abesti berriak ere izango dituzte. "Buru-belarri ari gara uztailean Berako Atala estudioko Iñigo Irazokirekin grabatuko dugun bilduma laburra prestatzen, eta esango nuke estilo aldetik aldaketatxo bat dutela. Hiru ale berri eskainiko ditugu bihar".
Bergarakoak ere "gogotsu"
Aitor Aldanondo (gitarra akustikoa eta ahotsa), Maitane Az- karate (ahotsa), Ekaitz Aranberri (gitarra eta ahotsa) eta Guille Sanz (bateria) dira Harria taldea. "Azaroan argitaratutako disko osoaz gainera, hiru bertsio eskainiko ditugu. Ander Elortza (baxua) eta Adolfo Alcocer (gitarra) izango dira gurekin. Zailtasunak ditugu kontzertuak lotzeko; bada, gogotsu goaz Oñatira", dio Aitor Aldanondok.