65,2 milioi euro gutxiago bilduko dituzte Gipuzkoako errenta kanpainan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 29a, 16:25

Azaldu dutenez, azken emaitzan eragina izango dute familiak babesteko eta jarduera ekonomikoa sustatzeko hartu dituzten neurriek.

2022ko errenta kanpaina aurkeztu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, jakinarazi duenez, 339,3 milioi euro gutxiago itzuliko dizkie herritarrei aurten, eta 278 milioi euro jasoko ditu. Hau da, 61,2 milioi euroko alde negatiboa izango du, eta iazko kanpainarekin alderatuz gero, 65,2 milioi euro gutxiago jasoko ditu.

Jokin Perona Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak eman du arrazoien berri, eta, prezioen gorakada jarri du jomugan: "Emaitzen okertze honen arrazoia, bizi dugun prezioen gorakada dela-eta, familiak babestu eta jarduera ekonomikoa sustatzeko hartu ditugun neurriak dira". Zehaztu duenez, bi dira neurri nabarmenenak. "Batetik, %5,5eko deflaktazioa eta 200 euroko kenkari berezia; horrek 102,3 milioi euroko inpaktua izango du. Bestetik, autonomoei eta sektore zaurgarrienei zuzendutako neurriak, 16,7 milioi euroko inpaktua izan dezakeena".

Kanpaina martxan da

Dagoeneko martxan da kanpaina. Guztira, 400.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du Ogasunak, iaz baino 10.431 gehiago, eta diputazioaren webgunean ikusgai daude autolikidazio proposamenak. Postaz ere hasiak dira bidaltzen, eta, orotara, 269.344 proposamen bidaliko ditu. Horietatik 190.430 itzulera dira, eta 78.914 ordaintzera.

Behin proposamenak jasota, datorren astelehenean, apirilaren 3an, onartu ahal izango dira, eta, aurrez aurreko arretarako hitzorduak, berriz, apirilaren 13an hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak