15 urtetik gorako gazte zein helduentzako prestakuntza eskaintzen dute Debagoieneko Lanbide Heziketako zentroek. Oñati Institutuak, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketak eta Aretxabaleta Lanbide Eskolak etorkizuneko langileei zuzendutako kalitatezko, doako eta euskarazko zikloak dituzte; hain zuzen ere, hogeita bost ziklo eta hiru espezializazio programa. Horiek guztiak bederatzi arlo profesional barnebiltzen dituzte, eta lan mundura edo beste ikasketa batzuetarako bidea dira.
Aurrematrikula eta Ateak Zabalik jardunaldi presentzialak
Aurrematrikula egiteko epea maiatzaren 8tik 26ra artekoa da. Ezinbestekoa da aurrematrikula egitea gero uztailean matrikula egiteko; matrikulazio epea izango da uztailaren 14tik 26ra bitartean.
Ikastetxeak eta eskaintzen dituzten zikloak ezagutzeko, Ateak Zabalik jardunaldi presentzialak antolatu dituzte hiru ikastetxeetan:
- - Miguel Altuna Lanbide Heziketa: maiatzak 13 (11:00).
- - Aretxabaleta Lanbide Eskola: maiatzak 10 (18:00).
- - Oñati Institutua: maiatzak 6 (11:00).

Formakuntza eredua, egokituta
Lanbide Heziketak duen abantailetako bat malgutasuna da, eta bakoitzaren beharretara egokitutako formazioa hautatzeko aukera luzatzen dute bailarako zentro publikoek.
Eredu presentziala aukeratu dezakete ikasleek, baina baita enpresako eta ikastetxeko jarduna lotzen dituen LH Duala ere. Bestetik, eskaintza partziala ere badago, hau da, zikloak moduluka egiteko aukera. Eta bukatzeko, praktikak inguruan edota atzerrian egin daitezke; azken hori Erasmus+ bidez.

