Negu bero eta lehorra izan da bukatu berri dena

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko mar. 24a, 13:30

Urkuluko urtegia, 2023ko urte hasieran.

Negua atzean utzi eta udaberrian sartu berri gara asteon. Euri gutxi egin du neguan: Arrasateko estazio meteorologikoan jasotako datuen arabera 290,7 litro bota ditu metro koadroko; hori horrela, Urkuluko urtegia %70,59ko betetze-mailan dago.

Udaberrian sartu berri gara asteon: hain zuzen, martxoaren 20 iluntzean. Atzean geratu berri den negua beroa eta lehorra izan da. Honela azaldu du Euskalmeteko meteorologo Eguzkiñe Iturriotzek: "Ez du denean giro bera egin: mendebaldeko kostaldean giroa oso hezea izan da, baina barrualdean lehorra". 2022ko abendua, adibidez, inoizko beroena izan dela azaldu du: "Inoizko abendu beroena izan da aurtengo negukoa. Urtarrilaren bigarren hamabostaldian sartu ginen benetako negu giroan. Urtarrilaren 16tik 19rako egunetan, esaterako, neguko denboralea izan genuen. Euria erruz egin zuen, baita elurra eta haizea ere". Otsailean, berriz, izotz-egun asko izan zirela nabarmendu du. "Otsailaren 23an elurra kota ertainetan egin zuen, baina 27an itsas mailaraino jaitsi zen elurra", dio. Batez beste, neguko tenperatura 7,8 gradu izan da. 

Euri gutxi egin du

Arrasateko estazio meteorologikoko datuei erreparatuta, hauxe dio Iturriotzek: "Arrasaten euri gehien egin zuen eguna urtarrilaren 16a izan zen: 41,6 litro egin zituen metro koadroko. Negu osoan, aldiz, 290,7 litro egin ditu metro koadroko". Datu hori txikia dela nabarmendu du: "Iazkoa ez zen negu euritsuena izango, eta 576,6 litro egin zituen".

Urkulu %70,59ko betetze-mailan dago, azken urteetako mailarik baxuenean. 2022an, esaterako, %98,89ko betetze-mailan zegoen.

Udaberriko lehenengo egunak gorabeheratsuak izango direla dio Iturriotzek, baina luzera begirako iragarpenak egiteko oraindik goizegi dela ere esan du Euskalmeteko meteorologoak.

Neguko datuak

Euskalmetek Arrasateko estazio meteorologikoan hartutako datuak dira –318 metroko altueran–.

  • Tenperatura maximoa: martxoaren 16an, 24,9 gradu, 13:00etan.
  • Tenperatura minimoa: otsailaren 11n, -3,0 gradu, 06:50ean.
  • Prezipitazio guztia, 24 ordutan: urtarrilaren 16an, 41,6 litro metro koadroko.
  • Prezipitazio bako egunak: 52 egunetan ez du euririk egin.
  • Prezipitazio egunak:39 egunetan egin du euria.
  • Urkuluren egoera: %70,59ko betetze-mailan dago –Gipuzkoako ur kontsortzioko datua–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak