Goienagusiren batzar orokorra astelehenean egingo dute

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 24a, 10:24
Gorrotxategi Txokolate Museora egindako irteeran.

Debagoienean jarduten duen Goienagusi kultur elkarteak ohiko batzar orokorra deitu du astelehenerako. Kulturaten batuko dira elkarteko kideak, eta han, 2022. urteko ekitaldia eta 2023ko plangintza aztertuko dituzte, besteak beste.

Lehenik eta behin, 2022ko kudeaketa txostena eta urteko kontuak aztertu ondoren, onartzera eramango dira. Hala ere, aurreratu dutenez, balorazioa positiboa izan da, eta aurtengo ikasturterako planteatutako ildo nagusiak edo erronkak baloratuko dituzte. Hori izango da gai nagusia. "Eskualdeko izaera indartzea ezarri genuen erroka nagusi moduan, eta hamabost egunean behin Oñatin hitzaldiak antolatzen hasi ginen. Batzar orokorrean ez dakit nola ikusiko duten elkartekoek, baina lau bazkidetik 24ra iritsi gara Oñatin ikasturte honetan. Horrekin batera, juntako kideak batzordeetan banatzeak funtzionatu egin duela adieraziko dugu. Zortzi batzordetan banatuta, bakoitzean lau edo bost pertsona gaude, eta gero, horien koordinazioa dugu juntan; konturatu gara hobeto funtzionatzen dugula. Azkenik, gure elkartea bisibilizatzea ere bagenuen zehaztuta, eta horretan ere ari gara", aurreratu du Rosa Urretak, Goienagusiko presidenteak.

Aurrera begirakoak zehaztuta

2023ko ekitaldira begira ere Zuzendaritza Batzordeak aurkezten duen plangintza orokorra ikusi eta batera doazen sarreren eta gastuen aurrekontua eta urte osoko kuota ezartzea proposatuko dute: "Ikasturtea amaitzeko esku artean ditugu astelehenetako eta asteazkenetako hitzaldiak, idazketa tailer bat, Wikiloc tailerra, baita zenbait irteera ere; tartean, Iparraldera bi eguneko irteera. Azken hori, ekintza berezi moduan. Aurrera begira, berriz, Oñatin hasi ditugun hitzaldiei jarraipena eman edo ez zehaztuko dugu; galdetegi bat ere ezarriko dugu intereseko gaiak batzeko, eta, bereziki, partaidetza bultzatuko dugu, eskualde izaera zabalduz", adierazi du Urretak.

Mahaikide berriak

Amaitzeko, Zuzendaritza Batzordean mahaikide berriak izango diren hautagaiak aurkeztu eta baieztatuko dituzte. Iaz 215 lagun ziren, eta gorakada izan du elkarteak; izan ere, aurten 240 lagunek osatzen dute Goienagusi. "Lau irtengo dira, lau sartu eta lau geratu. Hala, bi urteko zikloari amaiera emateko". Batzarraren ondoren mokadutxo bat elkarrekin partekatzeko aukera izango dute elkartekideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak