Hiru gai nagusiren bueltan hainbat hausnarketa saio egingo dituzte. Lehenengoa izango da toki komunikabideek demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia. Horretan sakontzeko, Britainia Handiko BBC telebista publikoaren Local Democracy Reporting eta Shared Data Unit esperientziak ezagutaraziko dira, korporazio publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako toki komunikabideen elkarteak bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri emango du, eta Tokikom Taldeak Eitb-rekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren lehen fruituak aurkeztuko ditu.
Kazetaritza eta aisialdia izango da beste berbetarako gaietako bat. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikusiker ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazio kontsumoen ohituren berri emango dute eta, gai horrekin lotuta, Eitb prestatzen ari den Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerapen bat egin ere bai.
Gai teknikoetan murgilduta, kazetaritza eta digitalizazioa izango dituzte hizpide. Alde batetik, UNAVeko adituen eskutik Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aztertuko dute; munduko eta Espainiako eduki eta albiste kontsumo ohituren inguruan dioena ezagutuko da. Gainera, tokiko kazetaritzan aplikatu daitezkeen adimen artifizialeko tresnen aukerak eta erronkak ere xehatuko dira.
Aldarrikapena eta ospakizuna
Toki komunikabideen garrantzia aldarrikatzeko, Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkarteekin batera, manifestu komuna sinatuko da Getxon. Jardunaldiak borobilduko dituzte musika ikuskizun batekin eta elkarrekin ospatuta.