Berdinketa Azkoagainen (0-0); Ibarran berriz, hiru puntuak UDArentzat (2-0)

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mar. 19a, 17:58

Garrantzitsuak ziren gaurko hiru puntuak Aloña Mendirentzat behetik urruntzeko borrokan; azkenerako baina, berdinketarekin amaitu da neurketa. UDAk aldiz garaipena eskuratu du Zumaiako-ren aurka jokatu duen neurketan eta behealdetik urruntzen jarraitzen dute

Sailkapeneko behealdean dauden taldeen arteko lehia izan da gaur Azkoagainekoa. Azken aurreko postuan dago Aloña Mendi eta lau puntura zegoen Mutrikuren aurka aritu da Aritz Garmendiaren taldea. Partida lehiatua izan da, batez ere lehen zatian, aukerak ordea bigarrenean heldu dira. Mutrikuk izan du garbiena, baina oñatiarren atezainak gelditu du abagunea. Aloñak ere izan ditu bereak baina ate aurrean asmatu ezinik ibili dira Gramendiarenak. Aukera paregabea zuten txantxikuarrek hiru puntu batu eta mailari eusteko borrokan pauso bat emateko, baina azkenerako berdinketarekin konformatu beharra izan dute. Datorren astean beste aurkari zuzen baten etxean jokatuko dute, Zumaiako taldearen zelaian.Bost puntura dira zumaiarrak, beraz datorren asteko neurketa irabazita beheko postuen borrokan sartuko luke aurkaria ere.

Ibarra futbol zelaian ostera, UDAk Zumaiako mendean hartu du (2-0) eta gauzak honela, Unai Calzonen taldea beheko postuetatik urruntzen hasi da. Lehen zatian hutsean amaitu da eta bigarrenean iritsi dira golak. 60. minutuan, Haritz Diaz de Guereñuk egin du lehena etxekoentzat eta partidaren hondarrean iritsi da lasaitasunaren gola; Josu Aizpuruak partida erabakita utzi du bi eta hutsekoarekin. Garaipen honekin 37 puntu dituzte sailkapenean aretxabaletarrek. Hurrengo astean hirugarrena den Hernaniren aurka jokatuko dute, etxetik kanpo. 

Bergarak irabazi (4-0), Mondrak berdindu (1-1)

Maila berean dauden bailarako beste bi taldeek atzo arratsaldez jokatu zituzten euren neurketak. Bergarak berretsi egin zuen azken asteetan erakutsi duen maila ona eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Agorrosinen Tolosa nagusitasunez mendean hartuta . Hiru puntu hauekin mahoneroak beheko postuetatik urruntzen jarraitzen dute eta aldi berean atzoko aurkaria berdindu dute sailkapenean 33 punturekin. Hurrengo jardunaldian Elgoibarreri egingo diote bisita.

Mondrak berriz ez zuen lan erraza atzokoa kategoriako oilarretako baten bisita izan zuelako. Hernanirekin neurtu zituzten indarra zurimoreek eta puntu bat lortu zuten bana berdindu eta gero. Etxeko taldea aurreratu zen markagailuan, baina kanpotarrek berdintzea lortu zuten azkenerako. Lan txukuna atzo mondrak egindakoa, baina sailkapenaren putzuan jarraitzen du eta hirunaka batzeko beharra geroz eta handiagoa da mailari eustea nahi badu. Hurrengo astean Lesakan jokatuko dute Beti Gazteren aurka.

Emaitza txarrak emakumezkoetan

Asteburua ez da ona izan gure taldeentzat emakumezkoen ohorezko erregional mailan. Bergarak eguerdian jokatu du Intxaurdiren zelaian eta esku hutsik itzuli dira (3-0) galdu ostean. Sailkapenaren behealdetik atera ezinik daude bergarrarrak eta hurrengo astean derbia izango dute Mojategin Leintz Arizmendiren aurka.

Hain zuzen, hurrengo asteko aurkariak, Leintz Arizmendik kolpe gogorra jaso du Mariño taldeari egin dion bisitan (5-0). Neurketa zaila zuten aurretik, goiko postuetan dagoen aurkaria izan baitute aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak