Gipuzkoako Foru Aldundiak, Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin batera, Gerra Zibilean erbestera ihes egin zuten 10.400 gipuzkoar baino gehiago omendu ditu gaur. Bi urte eta erdiko lanaren ondoren, Intxorta 1937ko kideek Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dituzte adin txikiko horien jatorri gisa. Ikerketa Europa osoko hainbat artxibotan egin dute, eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.000 kasutik gora identifikatu ahal izan ditu.
Azterketaren lehen fasea amaitu dute, baina izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu-basean sartuko dituzte. Datu base hori datozen asteetan argitaratuko dute foru erakundearen webgunean. Esku artean dituzten datuen arabera, 10.400 haur inguru joan ziren erbestera, gehienak Donostiatik (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571) ihes eginda. Baina bi kasu ere aurkitu dira Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun. Beste 246 pertsonen inguruan ez dago informaziorik.
Memoriaren aldarrikapena
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, pertsona horiek gerraren izugarrikeria lehen pertsonan bizitzeaz gain, beren etxeetatik eta familietatik urrundu beharraren zigor erantsia jasan zuten. "Gaurko ekitaldi instituzionalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere alea jarri nahi izan du gerrako umeak gure memoria historikoan sartzeko eta aldarrikatzeko", adierazi du.
650 pertsona baino gehiago hurbildu dira gaur Kursaalean egin den omenaldi-ekitaldira, eta, bereziki, oraindik bizirik jarraitzen duten eta ekitaldian parte hartu duten gerrako 100 haur omendu dituzte. "Memoria historikoa lantzeak pertsona horiei izen-abizenak itzultzea eta memoria aldarrikatzea dakar", adierazi du diputatu nagusiak.
Olanok gogorarazi duenez, Gerra Zibilean zuzenean parte hartu ez arren, gerrako haurrek larriki pairatu zituzten gatazkaren ondorioak, oso adin txikian erbestera ihes egin behar izan baitzuten. “Beldurra, bonbardaketak, senideengandik eta hurbilekoengandik urruntzea eta, azkenik, gurasoen babesa atzean utzita erbesteratu beharra. Asko eta asko ez ziren gehiago itzuli Euskadira. Hemendik aurrera, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak egindako lanari esker, haur hauek gure historiaren zati bezala aitortuak eta gogoratuak izango dira”.
Fernando Bernuesek zuzendutako omenaldi hunkigarrian, Iñaki Salvadorren eta Easo Haur Abesbatzaren musika izan dugu eta Kukai dantza taldea, Andoni Egaña eta Maite Arruabarrena bezalako taldeek ere parte hartu dute. Ekitaldia amaitzeko, oholtzara igo diren protagonistek haurrak zireneko testigantzak eman dituzte ezagutzera.
Iñigo Arregiren lamina Fabian Salvioliri ematen –Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeari buruzko Nazio Batuen errelatore berezia– Intxorta 1937 kultur elkarteko Juan Ramon Garai.