Aritz Garmendiaren taldea azken bigarren dago, eta aukera bikaina du garaipena lortzeko bi postu gorago dagoen Mutrikuren aurka. Aurkaria bolada onean helduko da partidura, badira bost jardunaldi azken porrota izan zuenetik; harrezkero, hiru berdinketa eta garaipen bat lortu ditu. Sei puntu horiek arnas apur bat eman diote Aloña Mendiri, sartuta dagoen zulotik irteteko bidean. Jardunaldi garrantzitsua izango da oñatiarrentzat. Zortzi jardunaldi falta badira ere, puntuak batzen hastea komeni zaio.
Bailarako beste taldeak
UDAk Zumaiako taldea izango du aurrez aurre Ibarran. Azken jardunaldietako bolada onari jarraipena eman nahi diote sailkapenean atzean daukaten kontrarioaren aurka. Sailkapena oso parekatuta dago erdialdean eta garaipena lortuz gero, lasaitasuna izango du, duela aste batzuk irten zen jaitsiera postuei begira.
Bestalde, Bergarak hiru puntura duen Tolosa taldearen aurka jokatuko du. Mahoneroek partida garrantzitsua dute aurrean. Partida parekatua aurreikusten da; zaleen aurrean puntuak lortzea dute helburu, atzeko postuetatik aldentzeko.
Azkenik, Mondrak goialdean dagoen Hernaniren aurka jokatuko du. Izan ere, arrasatearrak azken postuan daude, mailari eustetik geroz eta urrunago. Partida gogorra izango dute ligako hirugarren sailkatuaren aurka, baina puntuak behar dituzte egoera irauli nahi badute.