Debagoieneko Ikamak DBHko, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei dei egin die eguenean, hilak 23, 12:00etan Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo diren manifestazioetan parte hartzera. Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatutako ekitaldiak izango dira, eta Ikamak, hezkuntza ereduak iraultzeko helburua duen Ezker Abertzalearen gazte antolakundeak, bat egingo du.
Debagoieneko Ikamako kideek bost aldarri eroango dituztela adierazi dute: "Euskal Herri osoan euskaraz ikasteko aukera izatea, Nafarroako zonifikazio legea eta Iparraldean azterketak euskaraz egiteko borroka aintzat hartuta; irakaskuntza euskalduna bermatzea, hau da, irakasleek euskaraz behar bezala jakitea; euskara Euskal Herriaren biziraupenerako tresna bezala ulertzea, eta, hori horrela, gure lurraldearekin lotutako gaiak lantzea; euskara ikasgelatik kalera eramateko gaitasuna eta konpromisoa berreskuratzea; eta murgiltze eredu erreal eta eraginkorrak sustatzea".