Hamabost debagoiendar, pentsiodunen baraualdi-itxialdian

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mar. 15a, 17:42

Bost bergarar pentsiodunen baraualdi-itxialdian, martitzenean. (Argazkia: I.U.).

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua baraualdi-itxialdia egiten ari da Bilbon, eta hamabost debagoiendarrek hartuko dute parte protestaldian; zapatuan, manifestazioa izango da Bizkaiko hiriburuan, eta autobusa antolatu dute hara bertaratzeko.

Zapatuan amaituko da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua Bilbon egiten ari den baraualdi-itxialdia. Protestaren arrazoia da 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzea. Halaber, pentsioetan dagoen genero-arrakala salatu dute; izan ere, nabarmendu dutenez, Euskal Herrian 199.800 lagunek 800 eurotik beherako pentsioa dute, eta 154.000 emakumeak dira: % 76.

200 pentsiodun inguruk eman zuten izena baraualdia egiteko, baina, leku arazoengatik, egunez egun txandakatzen doaz. Debagoieneko hamabost erretiratuk egingo dute baraualdia 24 orduz. Oñatiko hiruk astelehenean, lehen egunean, egin zuten eta Bergarako bost gaur goizean atera dira kalera. Itziar Usandizaga bergararra egon da tartean, eta aitortu duenez, "txalo zaparrada" jaso dute irten direnean. Xabier Oregi oñatiarra da beste debagoiendarretako bat eta azaldu duenez, pentsiodunetako batzuek bizpahiru egun igaro dituzte. Hala ere, "bazegoen jendea prest bost egunak egiteko, eta zortzi bat lagunek bost egun egingo dituzte. 30 lagun egunero daude, ziur".

Autobusa manifestaziorako

Zapatuan 12:00etan manifestazioa egingo da Bilbon eta Plaza Eliptikoan hasita, pentsiodunek kaleetan barrena egingo dituzte aldarrikapenak. Debagoieneko pentsiodunek autobusa antolatu dute manifestaziora joateko, eta bihar, eguena, izango da izena emateko azken eguna. Usandizagak azaldu du pentsiodunen mugimenduan dabiltzanekin jarri behar dela harremanetan. Oñatin, berriz, Pake Leku elkartean, Arranon eta Olakua tabernan eman daiteke izena.

Autobusa 10:00etan aterako da Arrasatetik, 10:10ean Elorregin egingo du geldialdia eta 10:30ean, berriz, Bergarako Ibargarai autobus geltokian. Usandizagak manifestazioan parte hartzeko deia egin du. 

Goizero elkarretaratzeak

Pentsiodunak goizero elkarretaratzeak egiten ari dira Bilbon eta datozen egunetan hauek dira datozen egunetan egingo dituzten ekintzak:

Martxoak 16

  • 11:30 Martxa, alderdiei pentsiodunen proposamena eskatzeko.
  • 18:00 Pentsionisten plataformen mahai-ingurua. Ramon Franqueza (COESPE), Pep Juarez (Unidad COESPE), Gonzalo Balo (MODEPEN). Miguel Angel Castillo (ASJUBI 40).

Martxoak 17

  • 11:30 Martxa, Plaza Eliptikotik udaletxera. Prentsaurrekoa egingo dute manifestazioaren deialdia plazaratzeko.

Martxoak 18

  • 12:00 Manifestazioa, Plaza Eliptikoan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak