Lurraldebus zerbitzuko autobusen "mantenu falta" salatu du ELAk

Hasier Larrea 2023ko mar. 15a, 12:58

Debagoiena zeharkatzen duten lineetako autobusak Avanza Movilidad Gipuzkoa enpresaren eskumenekoak dira gaur egun, 2019an PESA enpresa erosi zuenetik. Autobus gidariak "etsita" daude duela zenbait hilabetetatik, "ibilgailuek ez dituztelako zirkulatzeko baldintza minimoak betetzen". Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lan Ikuskaritzari egoera konpontzeko dei egin diete.

"Zenbat aldiz itxaron behar izan dute erabiltzaileek beste autobus bat etortzeko, zenbat aldiz aldatu behar izan dira autobusez, matxurak direla eta?" galdegin du Eugenia Pablos autobus gidari eta ELA sindikatuko ordezkariak. Arazo horri irtenbidea eman nahi diote, izan ere, "denbora gehiegi" daramate errepidean arriskuak hartzen: "Gidariaren aurreko beira lausotu egiten da askotan, ez duelako lurrun kontrolik; maletategiak indargabetuta dituzte autobus askok, eta bidaiariak errepidera ateratzera behartuta daude ekipajea hartzeko; gurpilak eta hagunak zaharkituta dituzte autobus askok; ateak ez dira ondo ixten; klimatizazio sistema maiz ez dabil ondo, azkoin asko askatzeko zorian daude...". 

Arazo horien berri emateko Avanzaren telefono zenbakira deitzerakoan, gainera, "ez du inork hartzen", eta, ondorioz, ez daukate matxuren eta gorabeheren berri emateko modurik ere ez.

Egoera horrek autobus gidarien estres eta absentismo kasuak areagotu dituela adierazi du Pablosek, eta, Avanzaren "utzikeriaren" aurrean, behartuta daudela Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Lan Ikuskaritzari presio egitera, Aldundiari bereziki, "Avanzari dirulaguntza publikoak ematen dizkiolako zerbitzua ematearren".

ELAk sarri salatu du gai hori, eta hurrengo urratsa prentsaurreko bat deitzea izango dela iragarri du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak