10. urteurreneko jardunaldiak egingo ditu Tokikomek martxoaren 24an

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 13a, 12:00

Komunikabideak etorkizuna ehuntzen izenpean, Getxoko Olatua gurutzontzien terminalean (Bizkaia) izango dira, eta hausnarketarako ez ezik, aldarrikapenerako eta festarako ere baliatuko dute unea. Hilaren 17ra arte dago izena emateko aukera.

Hausnarketari dagokionez, hiru gai nagusi landuko dira. Tokiko komunikabideek demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia azpimarratuko da lehenengo hitzartzeetan, eta, horretarako, hiru adibide ezagutzeko aukera izango da: Britainia Handiko BBCko Local News Partnership eta Shared Data Unit. Horrez gain, LLA Norvegiako toki komunikabideen elkarteak ere bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri emango du, eta, azkenik, Tokikomek EITBrekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren azalpenak emango dituzte.

Kazetaritza eta aisialdiak ere lekua izango du jardunaldietan. Edorta Arana eta Bea Narbaiza EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikusiker ikerketa taldekoek hartuko dute hitza, eta EITBren Primeran ikus-entzunezko plataformaren aurrerapenaren berri ere emango dute.

Kazetaritzari eta digitalizazioari dagokionez, Digital News Report txostena izango du berbagai Avelino Amoedo UNAVeko adituak, eta, ondoren, adimen artifizialak tokiko kazetaritzan dituen aukerez eta erronkez jardungo du Karma Peiro IKTetan espezializatutako kazetariak.

Manifestuaren sinatzea

Hausnarketen ostean, aldarrikapenentzako une izango da. Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkartearekin batera, lekuko komunikabideen elkarteen manifestu komuna sinatuko dute, duten garrantzia aldarrikatzeko. 2022ko azarotik lankidetza etengabea izan baita Katalunia, Valentzia, Mallorca eta Menorcako elkarteekin, eta aurrera begira lankidetza zehazteko lehen urratsetako bat izateko nahia dute manifestuaren sinatzea.

Borobiltzeko, ikuskizuna

Jardunaldiak amaitzeko, Tokikomen hamargarren urteurreneko ikuskizuna eta ospakizuna egingo dute, eta, azkenik, mokadurako tartea ere izango da.

Hala, parte hartu nahi izanez gero, tokikom.eus/jardunaldiak web gunean eman daiteke izena martxoaren 17ra arte. Egunean bertan, berriz, 09:00etan hasiko da egitaraua eta 14:30ean amaituko da. Hemen daude xehetasunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak