150,5 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu Laboral Kutxak 2022an, 2021ean baino %38,36 gehiago, eta pandemiaren aurreko irabazien emaitzak gainditu ditu. Entitateak azaldu duenez, euren jarduna "egokia" izan da eta "ekarpen orekatua izan dute negozio-arlo nagusiek".
Irabazi horien arrazoi nagusiak bi izan direla nabarmendu dute: alde batetik, merkataritza-jarduera geroz eta biziagoa; eta beste alde batetik, "ohiko banku-negozioaren marjinak pixkanaka normalizatu izanak urtearen bigarren erdian sortutako diru-sarrerak".
Hala, Laboral Kutxak sektoreko kaudimen-mailarik onenetakoa duela jakinarazi du: CET1 ratioaren bidez neurtuta %22,24koa dauka. Interes-marjina %17,13 hazi da, 280,8 milioi euroko mozkinak lortuta; izan ere, "kreditu-zorroak ekarpen handiagoa egin du, interes-tasen kurban erregistratu den aldakuntzaren ondorioz, eta diru-sarrerak ere mardulagoak izan dira". Komisioen ondoriozko sarrera garbiak ere igo egin dira: %4,3 hain zuzen ere.