Debagoieneko herririk altuena zuritu du elurrak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 27a, 15:41
Zuritzen hasiak dira Elgetako kaleak. Argazkia: Iban Arantzabal.

Iragarpenak bete, eta elur giroa da nagusi goizetik bailaran. Eguerdi partean hasi dira zaparrada mardulenak, eta inguru batzuk zuritu ditu dagoeneko. Mendateei dagokienez, Kanpazar itxi dute, Kurtzetan kateak behar dira eta, gainontzekoetan, arretaz gidatu behar da. Horrez gain, autobus zerbitzu batzuk bertan behera utzi dituzte.

Elgetako kaleetan, esate baterako, elurra pilatzen hasi da; Debagoieneko herririk altuenean, alegia. Eguraldiak, gainera, eragina izan du errepideetan ere. Trafiko Sailetik adierazi dute mendateak zabalik egon arren, kateak behar direla Kurtzetan. Horrez gain, Gatzagan, Pagatzan, Deskargan eta Arantzazun arretaz gidatu behar da.

Lurraldebus-ek bertan behera utzi ditu autobus linea batzuk. Leintz Gatzagatik Arrasateko ospitalera doan autobus zerbitzua ez dago, eta ezta Bergaratik Elgetara artekoa ere.

Eguraldiaren iragarpena

Euskal meteorologia agentziak iragarri du balio altuenak 2 eta 6 graduren bueltan izango direla gaur, eta, gainera, izotza ere egin dezakeela.

Bihar, martitzena, ere negu giroa izango da nagusi. Tenperatura maximoak zertxobait igo daitezke, baina hotz egiten jarraituko du, ipar-haizearen eraginez. Behe-hodei asko ere agertuko dira eta prezipitazio txikia egingo du. Elur-kotak, berriz, 100 eta 400 metro inguruan jarraituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak