Bailarako bi erakunde daude Landaola sarietako hautagaien artean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 27a, 15:10

Sariketaren seigarren aldia ospatuko dute egubakoitzean Berastegiko Udalean, eta Gipuzkoako landa garapen proiektuak aitortzea du xede. Ereindajan Bergara eta Zubillaga-Oñati hiltegia dira hautagaietako bi.

Ereindajan Bergara erakunde pribatuaren arloko sarietarako hautagaia da. Nekazal eredu agroekologikoa bultzatzea du helburu, eta, horretarako, bi topagune dituzte lan-eremu nagusi. Alabaina, beste arlo batzuetan ere jarduten du. Esaterako, hezkuntzan, bailarako produktuek horniketa integratzeko ekimenak gauzatzen dihardu, eta Angiozarko Eskola Txikiko jangelan tokiko eta sasoiko menuak eskaintzeko lanketa bat egin du. Horrez gainera, ikas-bidaiarako otarren proiektua ere garatu du Bergarako Mariaren Lagundia eta Aranzadi ikastetxeetan.

Zubillaga-Oñati hiltegia, berriz, erakunde publikoaren arloko hautagaietako bat da. Hain justu, 1983an sortu zuten, eta 2008tik Debagoieneko bederatzi herriek, Zumarragak Urretxuk eta Legazpik bultzatutako zerbitzu enpresa publikoa da. Hautagaien aurkezpenean azaldu dutenez, bere bereizgarri nagusienetako bat da baserritar eta abeltzainekin duen gertuko harremana, eta, gainera, iaz, animalien ongizatea bermatzeko ukuilu eroso eta zero sufrimenduko sakrifizio metodoa ezarri zuten. Areago, gizartean eragiteko bideak ere jorratu ditu; hala nola, Lanbiderekin ikastaro batzuk eta EHUrekin zein Ulma Inoxtruck-ekin elkarlanak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak