Lautik lau garaipen debagoiendarrek

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko ots. 26a, 11:05

Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finalak jokatu ziren atzo Uarkapen, eta sekulako arrakasta izan zuen. Goraino bete zen Uarkape eta gozatu ederra hartu zuten bertaratutakoek. Gainera, lau debagoiendarrek loria dastatu zuten; Josu Zalakain bergararra eta Yassine Bouchaar arrasatearra Gipuzkoako txapeldun bilakatu ziren. Andoni Kortabarria bergararrak eta Xabi Zugasti aretxabaletarrak ere euren borrokaldia irabazi zuten. Lau borrokak osorik Goiena.eus-en ikusi ahal izango dira datorren astean zehar.

Jendez lepo beten zen Uarkape atzo Gipuzkoako Boxeo Txapelketako finalak bertatik bertara ikusteko. Guztira hamar borrokaldi egon ziren, eta horietako sei Gipuzkoako Txapelketako finalak izan ziren. Boxeo festa 18:00ak pasatxo hasi zen eta hasieratik sekulako giroa egon zen Uarkapeko harmailetan. Borrokaldi batzuen ondoren, ring-era salto egin zuen lehen debagoiendarra Josu Zalakain bergararra izan zen; publikoaren ezinbesteko laguntzarekin, estu joan zen lehia eta lehen round-ean arerioa baino gehiago izan arren, bigarrenean hobea izan zen aurrean zuena. Azkenerako, hirugarren round-ean kolpe erabakigarri batzuen ondorioz, Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen Zalakain. Garaipen honi esker, Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela lortu du bergararrak. 

Loria dastatzen bigarren debagoiendarra Yassine Bouchaar arrasatearra izan zen. Bizkor eta urduritasun handiarekin hasi zuen borrokaldia eta lehen kolpeak arerioak eman zizkion. Maila honetan, lehia guztiak parekatuak izaten dira eta Bouchaar-ena ere horrelakoa izan zen; azkenerako, Zalakainen moduan, finala irabazi eta Gipuzkoako txapeldun bilakatu zen bere kategorian.

Gipuzkoako Txapelketako finalak jokatu ondoren, Arrasaten boxeoa praktikatzen hasi ziren boxeolariak omendu zituzten. Omenaldi xume baina hunkigarriaren ondoren, Xabi Zugasti aretxabaletarra igo zen ring-era. Kuadrila alboan zuela, Arkarazokoak urduritasun askorekin hasi zuen borrokaldia. Denborak aurrera egin ahala, ring-ean hobeto sentitzen joan zen, eta hirugarren round on bati esker, garaipena eskuratu zuen.

Bukatzeko, Andoni Kortabarriak ere garaipena lortu zuen. Lehiatzen azkena, bereziki gertu sentitu zituen lagunak eta familia Kortak. Lehen round-ean berdinduta joan zen lehia, baina, bigarrenean kolpe gogor bat jaso eta errekuperatzea asko kostatu zitzaion; azkenerako, gainontzeko debagoiendarren moduan, azken indar apurrak atera eta publikoak bere izena oihukatzen zuen bitartean, borrokaldia irabaztea lortu zuen. Lautik lau.

Pisaketa Iluntzen

Eguna, baina, 15:00ean hasi zen. Iluntz tabernaren kanpokaldean boxeolariak pisatu egin ziren. Lau debagoiendarrek ez zuten arazorik izan eta aurreikusita zuten pisuan iritsi ziren txapelketara.

Erlazionatuak

Boxeo jaialdia, argazkitan

Eneko Azurmendi Barrena 2023 ots 26 Arrasate

Boxeolarien pisaketa, argazkitan

Eneko Azurmendi Barrena 2023 ots 26 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak