Madrilgo Gallurko kirol instalazioetan jokatu da pista estaliko Espainiako Txapelketa absolutua eta Atletico San Sebastian taldeko Maialen Axpe, eta, Valencia Klubeko Malen Ruiz de Azua ziren faboritoak. Mojategiko harrobiko bi atletek emaitza onak aurreikusten zituzten, eta, dominen borroka horretan, urrezko domina eta zilarrezkoa lortuta itzuliko dira Arrasatera.
Malen Ruiz de Azua, saltoetako batean; zilarra irabazi du. Argazkiak: Sergio Mateo.
Axpe: "Nekatuta, baina oso gustura"
“Nekatuta nago, baina oso gustura”, adierazi du Maialen Axpek behin urrezko domina lepoan: “Beti zoaz irabaztera, baina banekien Malen Ruiz de Azua oso ondo zegoela, baita Andrea San Jose ere. Eta horretaz gain, niri ere gauzak ondo atera behar zitzaizkidan. Hasieran ez nintzen txispa askorekin sentitzen, kosta zait erritmoa hartzea, baina 4,40koa lehen saiakeran egin dut”.
4,50eko jauzia gainditu ez izanaren arantzatxoa geratu zaiola gaineratu du: “Pertikan edozein akats txikik bere ondorioak ditu, baina orokorrean oso pozik nago”. Aurreko urtean egindako aire libreko txapelketan ere urrea lortu zuen Axpek, eta garrantzia eman dio denboraldi batetik bestera maila eusteari, bere esanetan “zaila” delako jarraikortasunari lortzea.
Domina jarri diotenean, pasatutako garai txarretan pentsatu du: “2022ko uda oso ona izan zen, baina 2019tik ordura arte, lesioak eta istripu bat tarteko urte zailak izan ziren. Salto egiteari beldurra nion. Kosta egin zait neure buruagan konfiantza berreskuratzea, eta pila bat baloratu dut salto egin eta gainera urrezko domina lortzea”.
Gaurko hitzorduaren aurretik, urduritasunengatik-eta behar bezala atseden hartu ez duenez, urrezko domina lortu izana “bederatzi edo hamar ordu lo eginda” ospatzeko asmoa adierazi du. Baina ezingo da larregi erlaxatu, gaurko garaipenari esker eguaztenean World Indoor Tour 2023 delakoaren barruan Madrilen egingo den meeting-ean parte hartuko duelako: “Aukera polita da horrelako proba batean parte hartzea, 4,70eko eta 4,60eko saltoak egiten dituztenekin ariko naizelako, eta horrek neure onena ematera animatzen nauelako”.
Andoni Calbano, finaletan
Arrasateko bi atletez gain, Real Sociedad taldeko Andoni Calbano bergararra ere Espainiako absolutuan izan da. Bergararrak bere marka pertsonala ondu du eta 200 metrotan finalera sailkatu da. Zortzigarren postua eskuratu du bertan.