Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan egin du EAJk maiatzaren 28 Foru haustekundeetarako Eider Mendozaren hautagaitza. Urriaz geroztik jakina zen Mendoza izango zela ahaldun nagusi izateko jeltzaleen hautagaia, baina gaur Batzar Nagusietarako barruti guztietako zerrendaburuen berri ere eman dute. Hala, Deba-Urolako zerrendaburua Maria Eugenia Arrizabalaga izango da, 2019an bezala.
Mendozaren hautagaitzaren aurkezpenean Debagoieneko hainbat ordezkari eta alkategai jeltzale izan dira; azken horien artean, Oñatiko Amaia Erostarbe, Bergarako Mikel Lete eta Antzuolako Josu Xabier Aranguren. Egungo diputatu nagusi Markel Olanok eta Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek ere hartu dute hitza ekitaldian, besteak beste.
Gipuzkoak, indargune eta helduleku "sendoak"
"Ziurgabetasunaren eta garaiko zailtasunen aurrean ziurtasunak" eskaintzeko asmoa azaldu du oraindik ere Gipuzkoako Foru Aldundiko bozemaile eta Gobernantza diputatua den Eider Mendozak eta nabarmendu du Gipuzkoak indargune eta helduleku "sendoak" dituela. "Gure lurraldean sinesten dugu, gure industria indartsu dago, gizarte dinamiko eta solidarioa da gurea, komunitate sendoa daukagu", esan du, eta gaineratu: "Gipuzkoa, niretzat, euskal lurralde bikaina da; jende dinamikoa, konprometitua eta zorrotza duena, arazoei aurre egiten diena eta horiek konpontzeko beldurrik ez duena, ezta horien aurrean kokiltzen dena ere; eta batez ere, pertsonak zaintzen dituena".
Gipuzkoaren egungo "egonkortasun politikoa" azpimarratzeaz gain, diputatu nagusi izateko hautagai jeltzaleak "gizartea babesteko sistema zaindu eta zabaltzeko" konpromisoa hartu du, baita "inor atzean ez uztekoa eta errealitate lazgarrienak bizi dituztenengatik gertu egotekoa" ere.