Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak hartu zuten hitza, besteak beste. Haien arabera, EAJk "pertsonarik onenak aurkeztu ditu aldundiak eta udalak ondo gobernatuta" egon daitezen, eta helburu du "gaur egungo bide beretik" jarraitzea aurrerantzean ere.
Hala, Urkulluk "herrigintzaren" garrantzia azpimarratu du. "Gaur elkarrekin gaude bide horri jarraipena emateko. Guztion artean aurrera egiten ari gara. Pandemia eta gerraren ondorioak lezio aurreratua izan dira gu guztiontzako, balio dezala esperientzia horrek etorkizuneko arazo ezezagun eta aurreikusi ezinei aurre egiteko". Eta, azpimarratu du EAJk asmo duela pertsona bakoitzaren "bizi kalitatea hobetzea, herri, hiri eta herrialde hobea egitea". "Gure konpromisoa da. Euskal gizarteak eskatzen digu eta horixe da zor dioguna".
Ortuzarrek, berriz, hautagaiei zuzendutako mezua helarazi du. "Hilabete esanguratsuak dauzkagu aurretik, hauteskundeei begira, eta, batez ere, egoera sozioekonomikoari dagokionez". Azaldu duenez, "euskal gizartea eurei begira" dago. "Nora joan eta zer egin esatea. Guk gure entzuketa egin dugu, kanpora begira eta barrura begira hobetzeko".