Talde asko daude atzerako ispiluari begira

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 10a, 15:41

UDA eta Elgoibar aurrez aurre, urtarril hasieran, Ibarran.

Jaitsiera postuetan dagoen Bergararen erreakzioaren ondoren, atzealdeko postuak izugarri estutu dira; izan ere, sailkapenaren erdian dagoen Zumaiakok lau puntura ditu jaitsiera postuak. Hamalau jardunaldi geratzen zaizkio ligari.

Azken jardunaldietako emaitzak ikusita bistan da Bergarak ez duela amore emateko asmorik. Eta mahoneroena da jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea, beherago daude-eta Vasconia eta Mondra, oraindik eta egoera zailagoan. Bada, Bergarak erresistentziarako erakutsi duen jarrerak –azken hiru partiduak jarraian irabazi dituzte– are eta gehiago estutu ditu atzealdeko postuak, eta orain momentuan asko dira atzerako ispiluari begira dauden taldeak. Hala, datozen jardunaldietan bi partidu jarraian irabazteak sekulako saria izan dezake, eta, kontrara, bi emaitza txar pilatzeak zigor galanta. Eta presio horrekin egingo dute salto asteburuan bailarako taldeek berdegunera.

UDA eta Mondra, etxean

Etxean jokatuko duten Mondrak eta Aretxabaletak sailkapenean lasai dauden bi talde izango dituzte aurrean. Arrasatekoek hirugarren dagoen Eibarren bisita izango dute Mojategin (zapatua, 16:30), eta, mailari eustea oso zail daukaten arren, azkenera arte lehiakor izan nahi dute zuri-moreek. Aretxabaletak, berriz, seigarren postuan dagoen Debako Amaikak Bat taldea mendean hartu nahi du Ibarran domekan (16:30).

Bergara, liderraren etxera

Etxetik kanpora jokatuko dute Bergarak eta Aloña Mendik, eta, mahoneroen kasuan, plaza zailean egin beharko dute dantzan: Hernani kategoriako liderra da eta orain arte etxean partidu bakarra galdu du. Zapatuan jokatuko dute, 16:00etan. Joan den astean irabazita arnasa hartu duen Aloña Mendik, azkenik, Urolaren zelaian jokatuko du bihar, 16:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak