Nabarmendu zuenez, industria-ekipamenduen eta makina-erreminten sektoreak direna ondoen ibili zirenak. Taldea pozik agertu zen emaitzekin. Gainera, taldeko beste enpresen urtea ere "oro har ona" izan dela esan zuen.
"Ziurgabetasun" giroa
Egoera oso epe motzean aldatzen denez, 2023ari begira "ziurgabetasun" giroa aipatu zuen Uzinek: "Udazkenean hondamendia etorriko zela zirudien, sekulako atzeraldia, baina begira, ez da horrelakorik gertatu". Azken krisia pandemiaren ondorengoaren bezalakoa ez dela izan gaineratu zuen.
Ulmaren eta Oronaren irteeraz
Ulmak eta Oronak Mondragon taldea utzi badute ere taldea "ondo" dagoela adierazi zuen Mondragoneko presidenteak eta gertaera horrek izan dezakeen eraginaz ere izan zituen hitz batzuk: "Gertakari aipaezina albo batera uzten badugu, berriro ere haziko gara. Gauzak gaizki badoaz, makalaldiren bat izan dezakegu, baina hazten jarraitzen dugu".
Halaber, azpimarratu zuen Ulma eta Orona Mondragon Taldetik ateratzeak ez duela esan nahi Lagun Arotik irten behar dutenik; taldetik ateratako enpresa batzuk ere Lagun Aron badaude oraindik: "Guk ez daukagu inor botatzeko ez asmorik ezta ahalmenik ere".