Joera positiboari eustea, derbiko helburu nagusia

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 3a, 18:00

Azken bi jardunalditan sei puntu batu dituzten Bergarak eta Aretxabaletak elkarren kontra jokatuko dute domekan (17:00, Agorrosin). Oraindik atzeko postuetan daude biak; hala, gora egiten jarraitzeko puntu baliotsuak egongo dira jokoan.

Domekako derbira gorputzaldi onean iritsiko dira Bergara eta Aretxabaleta. Izan ere, biek ala biek irabazi egin dituzte azken bi jardunaldiak, eta hori igarri egiten da, bereziki, taldeen animuan. Aretxabaletak azaro negargarria izan zuen, baina abenduaren 4tik ez du partidurik galdu: "Hala ere, gero ere irabazi ezinka ibili gara, hiru berdinketa izan genituen jarraian eta horrek dezente zigortu zuen taldea. Badirudi orain gauzak aldatu egin direla, eta ez bereziki gauzak beste modu batean egiten gabiltzalako. Hasieratik sinetsi dugu gure lan metodologian, baina emaitzak falta zitzaizkigun", adierazi dio GOIENAri aste barruan Unai Calzonek. 

Bergara ere gorabeherekin ibili da liga hasieratik, baina aretxabaletarrek ahazteko moduko azaroa izan bazuten, mahoneroen kasuan txakalaldia abenduan etorri zen: "Egia da Agorrosin berrira apenas bertan entrenatu gabe pasa ginela, baina orain aitzakia horrek ez digu balio, bi hilabete daramatzagu bertan lanean eta dagoeneko egokitu gara. Entrenamendu saioetan ahalegindu gara aldaketa txiki batzuk egiten, eta, zorionez azken bi partiduetan emaitza positiboak izan ditugu", dio Iker Ruiz de Larramendi entrenatzaileak.  

Aloña Mendik ere etxean

Azken hiru jardunaldiak jarraian galdu eta gero oñatiarrak arazoetan sartu dira. Bistan da partidu ona egin ostean Mondraren kontra galdu izanak (0-1) min egin ziela, eta ordutik burua altxa ezinka dabiltza. Domekan izango dute aukera (16:30, Azkoagain) sailkapenean erdialdean dagoen Beti Gazteren bisita izango dute. 

Mondrari, berriz, joan den astean Bergararen kontra galdu eta gero (1-2) gehiago zaildu zaio Ohorezko erregionalean mailari eustea. Zuri-moreek Deban jokatuko dute domekan (12:00), zazpigarren dagoen Amaikak Baten kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak