Antzerki amateur lehiaketa eta beste sormen egonaldi bat antolatu ditu DAPek

Hasier Larrea 2023ko urt. 29a, 19:03

Debagoieneko Antzerki Plataformak bi deialdi berri ireki ditu. Batetik, Antzuolan ere sormen egonaldiak egingo ditu, eta, bestetik, Bestetik Afizioz 2023 jarri du martxan Elgetan, Debagoieneko lehenengo antzerki amateur lehiaketa.

DAP Sormena eta DAP Plazara! ekimenek lan lerroekin bat datozen beste bi ekimen sortu dituzte 2023rako, Next generation: Gipuzkoako hiri-eremuetatik kanpoko kultura eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko laguntzari esker eta Elgetako zein Antzuolako Udalarekin lankidetzan. Deialdien helburua "Debagoienean euskarazko antzerki sorkuntza sustatu eta euskal sortzaileen lana ezagutzera ematea da", adierazi dute antolatzaileek.

Bi saritu sormen egonaldietarako

Duela aste bete Elgetarako aurkeztutakoaren modu berean, Antzuolan ere sormen egonaldiak egitea erabaki dute. Euskal antzerki sortzaile profesional zein amaterurrek eman dezakete izena egonaldietan parte hartzeko, eta aurkezten direnetatik bi proiektu aukeratuko dira, bat konpainia amateur batena eta beste bat Debagoieneko konpainia batena –konpainiaren gehiengoa debagoiendarra izan beharko da, edo bere lana Debagoienean burutu beharko du–. Proiektuak euskaraz izan beharko dira. Izen-emate epea otsailaren 12ko gaueko 23:59etara arte egongo da irekita. Otsailaren 22ean argitaratuko da aukeratutako proiektuen zerrenda, eta egonaldiak otsailak 27 eta apirilak 5 artean egin beharko dira.

Proiektu guztiek Behatxulo 2023 programan parte hartu beharko dute. "Programa horren helburua sormen prozesuak herriari zabaltzea da, prozesu irekieren bitartez. Hala, Debagoieneko biztaleek antzerki obren beste fase eta ikuspegi batzuk ezagutzea nahi dugu, antzerkia irisgarriagoa eta parte-hartzaileagoa eginez", azaldu dute. Prozesu irekierek garrantzi berezia izango dute proiektuak baloratzeko orduan, eta herriaren baliabideak eta idiosinkrasia kontuan hartuta hiru data jarri dira irekiera horiek egiteko aukera gisa: "Guztiz beharrezkoa izango da hiru data horietako baten irekiera egiteko aukera izatea".

'Afizioz' lehiaketa, martxoaren 11n

Horrez gain, DAP Plazara! lan lerroaren barruan apustu berria egiten du DAPek 2022an KAROI Antzerki Jaialdia martxan jarri ostean. Kasu honetan Afizioz Debagoieneko Antzerki Amateur Lehiaketa sortu da eta Elgeta izango du egoitza. Lehiaketaren helburua, beste behin ere, euskarazko antzerki sorkuntza sustatzea eta sortzaileen lana ezagutzera ematea da, kasu honetan talde amateurrena, horien jarraitasuna eta elkar ezagutza bultzatzeaz gain.

Lehiaketarako bost eta zortzi talde artean aukeratuko ditu epaimahaiak. Parte hartzeko izen-emate epea otsailaren 12an, gaueko 23:59etan amaituko da. Otsailaren 16an argitaratuko da aukeratutako proiektuen zerrenda, eta lehiaketa martxoaren 11n izango da Elgetako Espaloia Kafe Antzokian.

Informazioa guztia –parte hartzeko oinarriak, eskaera-orria...–  eskuragarri dago DAPen webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak