Negozio txikien transmisioa eta autonomoen erretiroa berbagai 'Geroa Bermatuz' jardunaldietan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 30a, 09:57
2020ko 'Geroa Bermatuz' ekimeneko saio bateko artxiboko irudia. (Argazkia: Goiena)

Otsailaren 6an hasiko dituzte saioak, eta Bergaran, Arrasaten eta Oñatin egingo dituzte. Halere, izena ematea komeni da, plazak mugatuak baitira.

Geroa Bermatuz jardunaldiak antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitateak, eta autonomoen jubilazioa eta negozio txikien transmisioa izango dira berbagai oraingoan. Negozio txikien jabeei zuzenduta egongo da, gehienez ere bost urteko epean jarduera uzteko asmoa dutenei; edo bestela, negozioaren transmisioa arrakastaz egiteko urratsak ezagutu nahi dituztenei.

Jardunaldiak bi multzotan banatuko dituzte. Lehen saioetan autonomoen erretiroaz arituko dira. Hiru saio egingo dituzte, 14:00etatik 16:30etara. Arrasaten, Debagoieneko Mankomunitatean izango da, otsailaren 6an, gazteleraz. Bergaran ere gazteleraz emango dute saioa, otsailaren 8an, Irizar Jauregian. Azkenik, Oñatiko saioa otsailaren 9an egingo dute, Bidebarrietan, euskaraz.

Negozio txikien transmisioari dagokionez, saioek ordutegi berbera izango dute, eta lekuak ere berdinak izango dira. Arrasaten, otsailaren 13an izango da; Bergaran, otsailaren 15ean; eta Oñatin, otsailaren 16an.

Tutoretza pertsonalizatuak

Mankomunitatetik adierazi dute jardunaldietara gerturatzen direnek euren negozioaren transmisioari buruzko doako aholkularitza indibidualizatua eta pertsonalizatua jasotzeko aukera izango dutela.

Tailerrak, gainera, doakoak dira, baina beharrezkoa da izen-ematea. Plazak mugatuak dira. Dena den, informazio gehiago behar izanez gero, 943 793 090 telefono zenbakia jarri dute interesatuen eskura, edo rgarcia@debagoiena.eus helbidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak