Giro hotza eta euria asteburuan

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 27a, 08:09

Negu giroa izango da gaurtik domekara bitartean, sasoiari dagokion legez. Hotz egingo du, iparraldeko haizea ibiliko baita, eta euri zaparradak sarri botako ditu bereziki gaur eta bihar. Elur maila 300-400 metrora jaitsi daitekeela zapatuan aditzera eman du Euskalmet Meteorologia Agentziak, eta horregatik, abisu horiak daude ezarrita bi egunotarako.

Gaur, egubakoitza, zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da eta zaparradak botako ditu tarteka. Elur-kota hasieran 600-800 metro inguruan egongo da baina egunaren bigarren partean 400-600 metrora jaitsiko da.

Bihar, zapatua ere, zaparradak ugariak izango dira Kantauri isurialdean eta mendebaldean. Elur-mailari dagokionez, 400-600 metro artean izango da, eta eguna amaitzerako 300-400 metrora egon litekeela esan du Euskalmetek. Iparraldeko haize biziak jarraitu egingo du eta bolada gogorrak neurtuko dira mendi inguruetan. Tenperatura maximoak 2 eta 7 gradu artean geratuko dira eta izotza botako du barnealdeko hainbat tokitan.

Domekan tenperaturak beste koska bat egin dezake behera. Hodei ugari izango dira eta goizean prezipitazio txikia egingo eta arratsalderako atertu. Elur-kota 200-300 metrora egon liteke lehen orduetan, baina egunak aurrera egitearekin batera igo egingo da, 800-1000 metrora arte. Tenperatura maximoak 1 eta 7 gradu artean izango dira, eta barnealdean izotza botako du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak