Bihar bertan emango zaio hasiera Kantari karaoke saioaren zortzigarren aldiari, Bergaran, eta datozen asteetan Aretxabaletan, Oñatin eta Arrasaten grabatuko dituzte emanaldiak; guztiak, 16:00etan hasita. Denera, Debagoieneko 7 eta 11 urte bitarteko 700 neska-mutiko inguruk eman dute izena. Bi urtean behin jokatzen den lehiaketa kutsurik gabeko karaoke ikuskizuna joan den urtean zen egitekoa, baina pandemia tarteko urtebete atzeratu da. Gainera, 2020ko edizioan ezin izan zen Bergarako ikuskizuna egin egoeragatik, eta, horregatik, hantxe izango da lehen grabaketa.
Urtero bezala, zozketa bidez egin dute kantu-banaketa eta kantu zaharrak eta berriagoak izango dira entzungai. Talde berriak ere gehitu dituzte errepertoriora, hala nola ETS, Nogen eta Huntza.
Beñat Arizabaleta da saioaren aurkezlea eta Itziar Unanue izango dute bidelagun entseguetan parte-hartzaileek. Arizabaletak aitortu du haur askorentzat eszenatoki gainera igotzen diren aurreneko aldia dela eta urduri joaten direla. Unanuek, berriz, Kantari ezagutzen du, baina haurren ikuspuntutik; izan ere, txikitan birritan hartu zuen parte: "Orain, berriz, ezberdin ikusten dut, baina lasai eta pozik nago".
Lehen entsegua, eginda
Joan den zapatuan egin zuten lehenengo entsegua Bergaran oholtza gainean izango direnek, eta batzuek aitortu zuten hitzak ikastea kostatu zaiela abestia zaharra zelako eta ez zutelako ezagutzen. Hala ere, orokorrean, gustura eta gogotsu agertu dira.
Dantza ere egin beharko dute, eta, horregatik, hainbat koreografia-pauso prestatu dituzte neska-mutilek. Arizabaletak aurreratu du Tiktoken eta halako sare sozialetan ikusten diren dantza-pausoak ere badaudela.
Goiena telebistan ikusgai
Emanaldi guztiak grabatuko ditu Goienak eta otsailaren 25etik aurrera astebururo bi saio berri izango dira ikusgai Goiena telebistan. Halaber, emanaldi bakoitza egin eta hurrengo astean, seme-alaben ikuskizuneko argazkiak jasoko dituzte eskuko telefonoan; telebistako emisioaren ondoren, berriz, bideoa. www. goiena.eus-en ere ikusi ahal izango dira eduki guztiak.
Debagoieneko mugetatik kanpo
Goienaren Kantari Gasteizen ere egingo da, martxoaren 18 eta 19an, Geu elkartearekin eta Alearekin elkarlanean. Hamasei ikastetxetako 325 partaide izango ditu, hamalau ikuskizunetan banatuta.