Nagusitasunez irabazi du UDAk Oñatiko derbia: 1-3

Mireia Bikuña 2023ko urt. 22a, 19:56
Aloña-UDA: Uribesalgo gola ospatzen

Aloñak ez du aukerarik izan etxeko partidua irabazteko. Uribesalgo (20. minutuan), Aizpurua (52. minutuan) eta Beloki (63. minutuan) izan dira UDAren golegileak. Etxekoen gola Odriozolak sartu du, 70. minutuan, lehia erabakita zegoenean.

Bukaerako markagailuak erakusten duen aldea nabaria izan da zelaian ere. Aretxabaletarrak nagusi izan dira, hasieratik bukaerara. Lehen zatian zelai erdia menderatu dute, eta hortik etorri da lehen gola: baloia lapurtu zelai erdian, eta Uribesalgok ez du hutsik egin, area ertzetik, lehen gola sartzeko. Atsedenaren aurretik, lerroak aurreratu ditu Aloñak, eta aukeraren bat edo beste egin ditu, berdinketa lortzeko.

Etxeko entrenatzaileak aldagelan eman dituen premisa guztiak hankaz gora ipini ditu UDAk 52. minutuan. Kontraeraso azkar batean, erasoaren ezkerraldetik, baloia aurrera eramaten dute, eta jaurtiketa bidez Aizpuruak bigarren gola sartu du. Hala, aldapa gora ipini zaio derbia Aloñari. Are gehiago, hamar minutu geroago, Belokik, hirugarrena sartu duenean. Partidua erabakita utzi dute aretxabaletarrek, arauzko 90 minutuak bukatzeko ordu erdi geratzen zenean.

Minutu asko jokatzeko, baina, Aloñarentzat, gutxiegi hiru gol sartzeko. Emozio apur bat ipini diote oñatiarrek lehiati 70. minutuan, Odriozolak egindako golari esker. Ostean, hainbat korner izan dituzte, bigarrena egiteko gogoz. 

Baina, markagailua ez da aldatu, eta puntuak, urrezkoak, Aretxabaletara joan dira. 

Sailkapena, estuago

Emaitza honekin asko estutzen da Ohorezko Erregional mailako sailkapena. UDA da jaitsiera postuak markatzen dituena, hamabosgarren postuan, 20 punturekin. Baina, Aloñak, azken bi partiduak, biak derbiak, galduta, zulora hurbildu da: hamalaugarrena da, 21 punturekin.

Bergarak irabazi eta Mondrak galdu

Bergarak ere puntu baliotsuak irabazi Agorrosinen, Zarautz menderatu ostean (2-1). Emaitza berarekin, baina, galdu egin du Mondrak Azpeitian, Lagun Onaken kontra.

Asteburu honetako jardunaldiarekin bigarren itzulia hasi da Ohorezko Erregionalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak