Aloña Mendik ez du gidoia errepikatu nahi

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 20a, 13:46

Auritz Larrea, aretxabaletarrak segika dituela, artxiboko irudi batean (2021).

Mondraren kontrako derbian oñatiarrek partidu osoagoa egin arren ez zuten punturik batu (0-1); domekan Aretxabaletaren kontra zorrotzago ibili nahi dute ate aurrean. Bergarak ere etxean hasiko du bigarren itzulia, Zarautzen kontra.

Joan den asteko Alola Mendiren eta Mondraren arteko derbian oñatiarrak gehiago izan ziren. Mondrako entrenatzaile David Muñozek ere aitortu zuen hori Goiena telebistako kameren aurrean, eta gaineratu asko gustatu zitzaiola talde oñatiarra. Oraingoan, baina, puntuak arrasatearrendako izan ziren, Etxeberria aurrelariak bigarren zatian egindako jokaldi ederrari esker (0-1). Alde horretatik, Garikoitz Nuñez entrenatzaileak ez zuen askorik euren jokalariei aurpegiratzeko, gauza asko egin zituzten-eta ondo. Baina izandako aukera guztien artean ate aurrean asmatzea zorte kontua ere bada, eta domekan Aretxabaletaren kontra jokatuko duten derbian (16:30, Azkoagain) gidoi hori aldatu nahiko dute, seguru, puntuak behar dituzte eta.

Aretxabaletari dagokionez, abenduaren 11n Vasconiaren kontrako garaipen ederrak (4-2) hilabete negargarri bat eten zuen, lau porrot jasotzetik zetorren-eta UDA. Ordutik jokatu dituzten hiru partiduak, baina, maila horretako parekotasunaren adibide izan dira, Tolosaren, Elgoibarren eta Mutrikuren kontra aretxabaletarrek berdindu egin dute eta.

Bergarak bolada txarra eten du

Bergararen bolada txarra itxura txarra hartzen zebilen, lau partidu jarraian galtzetik zetozen eta; eta, hain zuzen ere, Agorrosin berrian batutako lehenengo puntua izan zen Añorgaren kontrakoa. Eta ezin da ahaztu Añorga bigarren postuan dagoen taldea dela. Hala, oraingo asteburuan ere mahoneroek etxean jokatuko dute (zapatua, 16:30), eta, oraingoan, seigarren dagoen Zarautz izango dute kontrario. Hala, atzeko postuetatik ihes egiteko puntuak batzen jarraitzera kondenatuta daude bergararrak.

Izan ere, nahiz eta joan den astean Aloña Mendiri irabazi, Mondra da sailkapenean azken postuan dagoen taldea. Hori bai, bergararrekiko zuten aldea txikitu egin dute bi puntura. Eta horretan dihardu Mondrak, azken asteotan puntuak batzen, David Muñoz etorri denetik askoz ere hobeto (Elkarrizketa 11. orrialdean). Zapatuan (17:00), atzealdean dabilen Lagun Onaken kontra jokatuko dute, Garmendipen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak