Eskualde mailako eguna ospatuko du Ernaik Oñatin, martxoaren 18an

Miren Arregi Amasorrain 2023ko urt. 20a, 12:06

Gazte antolakundearen 10. urteurrena ospatuko dute martxoaren 18an, Oñatiko plazako pilotalekuan. Debagoienetik ari gara izenarekin, hitzaldiak, bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte. Kontzertuetarako sarrerak salgai daude gaurtik.

Eskualde mailako aldarrikapen eguna egingo du Ernaik martxoaren 18an Oñatin. Debagoienetik ari gara egunak "eskualdeko gazteak elkartzeko, hausnartzeko eta elkarrekin gozatzeko" eguna izan gura du. Ernai gazte antolakundearen 10. urteurreneko ekitaldien baitan kokatuko da ospakizuna. Ildo beretik, apirilaren 6tik 9ra bitartean Gazte Topaketak egingo dituzte Elorrion.

Astean Oñatin egindako agerraldian, balioa eman diote antolakundeak hamar urte hauetan egindako lanari: "10 urtez gure buruak, auzoak, herriak eta eskualdea aldatzen aritu gara. Debagoienetik dena aldatzen aritu gara eta lan horretan dihardugu egun ere, oraindik aldatu beharreko gauza asko bizi ditugu eta", azaldu dute.

Bazkaria, kontzertuak eta abar

Oñatiko plazako pilotalekuan ospatuko du Debagoieneko Ernaik eguna. Goizean hitzaldiak egongo dira, Intersekzionalitatetik Euskal Herria Feminista Eraikitzen izenburupean, eta, ondoren, ekitaldi politikoa egingo dute. Bazkaria ere egongo da eta arratsaldean kontzertuak antolatu dituzte. Skabidean, EH Sukarra, Tribade, Golpe de Estado, Liher eta Lehen Lerroa musika proposamenez gozatzeko aukera egongo da.

Kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko: Oñatin eta Bergaran, Arrano tabernetan; Arrasaten, Iratin; Aretxabaleta, Urbaltzen; Eskoriatzan, Inkernun eta Antzuolan Aitz Garbin. Langabeendako 15 eurotan egongo dira eskuragarri eta langileendako, 20 eurotan. Bazkarirako sarrerak aurrerago jarriko dituzte salgai, bost eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak