Pentsiodunek protesten bosgarren urteurrena ospatu dute aste honetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 20a, 09:30
Aurreskua egin zien dantzari batek pentsiodunei, Arrasateko elkarretaratzean.

Bergaran, Arrasaten eta Oñatin ekitaldi bereziak egin zituzten astelehenean, orain arteko borroka gogoan. Aurreskua egin zieten pentsiodunei, eta bertsoak ere izan zuen bere lekua. Aretxabaletan eta Antzuolan elkarretaratzeak egin zituzten.

Bost urte bete zituzten, joan den domekan, Hego Euskal Herriko pentsiodunek bizitza duinago baten alde borrokatzeko protestak hasi zituztenetik, eta urteurrena izan zuten gogoan astelehenean herriz herri eginiko elkarretaratzeetan. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta euskal babes sistema publikoa izan zituzten aldarri.

Bergaran manifestazioa egitekoak ziren, baina, euria ari zuela-eta, elkarretaratzea egin zuten, San Martin plazan, 12:00etan. Ehun lagun inguru batu ziren eta, gainera, Itziar Usandizaga Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak azaldu du "aurpegi berriak" ikusteko aukera izan zutela: "Hunkigarria izan zen". Ekitaldi nagusia, berriz, Seminarioko arkupean egin zuten. Dantza egin zieten pentsiodunei, aurreskua, eta kantuan ere aritu ziren, irrintzi eta guzti. Egunak luzeago jo zuen, ordea, bazkaria ere egin baitzuten.

San Martin Plazan egin zuten elkarretaratzea Bergaran.

Bergarako pentsiodunak ez ezik, Arrasatekoak ere omendu zituzten, aurreskua egin baitzien dantzari batek, Herriko Plazan. Gogoan izan zituzten euren artean ez dauden baina urteetan zehar borrokan aritu diren pentsiodunak ere, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko manifestuan jasotakoa irakurri zuten; izan ere, 230 astelehen geroago ere, kalean borrokatzen jarraitzen dutela nabarmentzen da.

Oñatin ere elkarretaratzea egin zuten, manifestua irakurtzearekin bat, udaletxepeko arkupeetan. Bertso batzuk abestuz amaitu zuten mobilizazioa eta orain artekoaren balorazioa "ona" egin zuen Joxefe Diaz de Tuestak, Oñatiko pentsiodunen bozeramaileak.

Ekitaldi xumeagoak

Herri handienetan ez ezik, txikiagoetan ere egin zituzten elkarretaratzeak. "Euri eta eguraldi narrasari" aurre eginda, 25 lagun inguru batu ziren Antzuolako plazan, baina ez zuten ekitaldi berezirik egin, Joxean Ugarteburu Antzuolako pentsiodunen mugimenduko kidearen arabera. Eta Aretxabaletan dozenaka lagun batu ziren Durana kalean eginiko elkarretaratzean.

Herriko Plazan egin zuten elkarretaratzea Antzuolan.

Gainontzeko herrietan, Aramaion, Elgetan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan, ez zuten mobilizaziorik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak